Politika -
A-20ko hauteskundeak
Zapaterok otsailerako deituko du PSOEren Kongresu Federala
PSOEren idazkari nagusiak esan du larunbateko Batzar Federalean erabakiko dutela data zehatza. Ramon Jaureguik aginte aldaketa bideratzeko ardura izango du.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEren idazkari nagusiak Kongresu Federala deituko du otsailaren hasierarako atzoko hauteskundeen osteko porrotaren ondoren eta larunbaterako deitu duten Batzorde Federalean data zehatza erabakiko dute, baina otsaileko lehenengo astean izan daitekeela aurreratu du.
Zapaterok prentsaurrekoa eman du PSOEren Exekutiba Federalaren bileran egon ostean. Bertan, hauteskundeetako emaitza txarrak izan dituzte hizpide eta Exekutiba osatzen duten 37 kideek hartu dute hitza, Alfredo Perez Rubalcaba hautagaiak besteak beste. "Haizea kontra genuen", adierazi du Zapaterok atzoko emaitzen harira.
Datorren larunbaterako Batzorde Federala deitu dute eta PSOEren kongresua otsailaren lehenengo asterako deitzea erabakiko dute ziurrenik.
Boterea PPren esku
Gobernuko jarduneko presidenteak "laguntza osoa" eskaini dio PPri datozen asteetan eta "arduraz" jokatuko duela hitz eman du, egoera ekonomikoa zaila delako.
Ramon Jauregui jarduneko Presidentetza ministroak aginte aldaketa bideratzeko ardura izango du, ondorioz, Soraya Saenz de Santamaria PPko buruzagiaren solaskidea izango da prozesuan.
Zapaterok gogorarazi du boterea eskualdatzeko epeak legeak ezarri dituela, beraz, ezin dela prozesua azkartu.
Hala ere, ordura arte PPrekin "harremanetan eta elkarri laguntzen" arituko dela esan du. "Nire aldetik ahal dudan guztian laguntzeko prestutasuna dut. Ardura oso handia da bai PPren aldetik bai Gobernutik, ez da arazorik izango", gaineratu du.
Zapateroren arabera, jarduneko Gobernuak badaki egoera "zaila" dela, horregatik hauteskundeak irabazi dituen alderdiari laguntzeko prest dagoela esan dio.
Zapaterok espero du boterea PPren esku utzi artean merkatuak "egonkor eta lasai" egongo direla, prozesuak normaltasunez egin dezan aurrera.