Politika -
Hauteskunde orokorrak
PSOEren baitan gogoeta egitea eskatu du lehendakariak
Patxi Lopezek aitortu egin du PPk "garaipen zabala" lortu duela Espainian, baina sozialisten porrota krisi ekonomikoarengatik izan dela uste du.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakari eta PSE-EEren idazkari nagusiak esan du PPk Espainiako hauteskunde orokorretan lortu duen "garaipen zabalaren" ondoren PSOEri "gogoeta egiteko garaia" iritsi zaiola.
Patxi Lopezek sozialistek EAEn lortu dituzten emaitzak aztertu ditu Bilbon egindako agerraldi batean. Lau ordezkari lortu dituzte Diputatuen Kongresurako, 2008an baino bost gutxiago.
Alfredo Perez Rubalcabaren porrota krisi ekonomikoarengatik izan dela esan du, eta "krisia kudeatu duten gobernu guztiei" gertatu zaiela.
PSE-EEren idazkari nagusiak hitz eman du bere alderdiak "lan" egingo duela "PPren gehiengo osoa ez dadin botere goren batean bilakatu".
Espainian PPk irabazi duela eta EAEn EAJ gailendu dela aitortu ondoren, Patxi Lopezek esan du sozialistentzat "gogoeta egiteko garaia" dela, eta "euskal sozialistek egingo dugu, gogoeta sakona egingo dugu herri honetako sektore ezkertiar eta aurrerakoiekin bat egiteko".
EAEko sozialisten buruak azaldu duenez, ordezkariak EAJk, Amaiurrek, PSE-EEk eta PPk bakarrik lortu izanak "agerian uzten du herritarren borondatea lau alderdi politiko horietan elkartzeko dagoen joera".
Patxi Lopezek aurreratu du Mariano Rajoy PPren hautagaiarekin harremanetan jartzeko asmoa duela. Horren harira, Rajoyri "Euskadin iraganeko zauriak gainditzeko" beharra helaraziko omen dio.
Era berean, euskal sozialisten buruak azpimarratu du "ETAren mehatxurik gabe" egindako lehenengo hauteskundeak direla demokraziaren historian.