Politika -

Auzitegi Nazionala

Agirresarobek dio ez duela 'sekula arma bat eskuetan eduki'

Joseba Pagazaurtunduaren ustezko hiltzaleak ukatu egin du Andoaingo taberna batean, kafe katilu batean, aurkitu duten DNA berea dela, izan ere, bizian "pare bat" kafe edan omen ditu.

Gurutz Agirresarobe Pagola ETAko ustezko kidea. Argazkia: EFE
Agirresarobe 2003an Pagazaurtundua hiltzea egotzita epaitu dute

02:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gurutz Agirresarobe ETAko ustezko kideak "sekula" ez du ETArekin harremanik izan eta "armarik eduki eskuetan", Joseba Pagazaurtundua Andoaingo udaltzainburua hiltzeagatik egiten ari zaizkion epaiketan adierazi duenez.

Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoan egin ditu adierazpenok, fiskalaren, akusazio partikularraren (48 urteko kartzela-zigorra eskatzen du) eta defentsaren galderei erantzunez.

ETAko ustezko kideak ukatu egin du agentea hil zuten Andoaingo Daytona taberna ezagutzen duela. 2003an atxilotu zutenetik Pagazaurtundua hil zuten momentu hartan non zegoen jakiteko lan egin omen du etengabe, baina ez du lortu.

DNA kafe katiluan nolatan agertu zen galdetuta, Agirresarobek erantzun du "azalpen bakarra" berea ez izatea dela, izan ere, "bi kafe" besterik ez omen ditu edan bizi osoan eta biak "gaizki sartu" zitzaizkion.

ETAk bere gain hartu zuen hilketa, Gara, Deia eta Diario Vasco egunkarietara igorritako agiri batean.

Fiskaltzak 48 urteko espetxe zigorra eskatu du Agirresaroberentzat: 10 erakunde terroristako kide izatea egotzita, 30 hilketa egotzita eta 8 armak bidegabe edukitzea leporatuta. Halaber, poliziaburuaren alargunari eta senide zuzenei 50.000 euroko kalte-ordainak ematea ere eskatu du.

Fernando Grande-Marlaskaren auzipetze autoan, Agirresaroberen aurkako froga nagusia DNA proba bat dela azaldu zuen. Hain zuzen ere, ETAko ustezko kideak "Daytona" tabernan eskatutako kafe edalontzian utzi omen zuena.

DNA frogak

Joseba Pagazaurtunduaren hiltzaileak edan zuen katiluan DNA laginak hartu zituen Ertzaintzak, baina froga horiek "zalantzatan" jarri ditu gaur genetika aditu batek. Ertzaintzarentzat froga horiek Gurutz Agirresarobe ETAko ustezko kidea identifikatzeko "nahikoak" izan ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea