Politika -
Kereila
Gorenak ez ditu delitutzat jo Gobernua-ETA negoziaziazioak
Bestalde, Bildu koalizioa hauteskundeetara aurkeztea baimendu zuten Auzitegi Konstituzionaleko epaileen aurka aurkeztutako kereila ukatu du Gorenak.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenak artxibatu egin du Manos Limpiasek Jesus Eguiguren PSEko presidentearen eta Javier Gomez Benitez Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kidearen aurka aurkeztutako kereila, ez baitu "legez kontrako" ezer ikusten Espainiako Gobernuak eta ETAk 2006 urtean izandako negoziazioetan.
Eskumako sindikatuak Eguiguren, Gomez Benitez eta Javier Moscoso Estatuko fiskal orokor ohia ikertzeko eskatu zuen talde armatuari laguntza emateagatik eta estalketagatik, baina Gorenak bere autoan jakitera eman du ez duela salaketa onartzen.
Gorenak bere jurisprudentziari eutsi dio eta talde armatuari laguntza emateko delitua egoteko ETAren jarduera errazteko ekintzak egin behar direla errepikatu du; ildo horretan, "printzipioz, elkarrizketa jarrerak ezin dira kriminalizatuak izan, baldin eta bizikidetza sozialaren antolamendua bermatzeko Gobernuak aukera egokiena dela baderitzo", gaineratu du.
Ildo horretan, 2005eko maitzan Diputatuen Kongresuak Gobernuaren eta ETAren arteko elkarrizketak abiatzea onartu zuela gogoratu du Gorenak; eta, 2006ko urrian, Europako Parlamentuak ebazpen horri abala eman zion.
Bilduren inguruko erabakia
Bestalde, Auzitegi Gorenak ukatu du Bildu koalizioa hauteskundeetara aurkeztea baimendu zuten Auzitegi Konstituzionaleko epaileen aurkako kereila.
Elkarte zibil ezberdinek eta Manos Limpias sindikatuak Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren aurkako kereila aurkeztu zuten. Konstituzionalak Gorenaren sala bereziak Bilduren 254 zerrenden inguruan hartutako erabakia deuzestatu zuen eta koalizioa hauteskundeetara aurkeztea baimendu zuen. Kereila jarri zutenen arabera, epaileen prebarikazioa eman zen "bistakoa baitzen epai bidegabea" zela, eta "zuzenbidea nahita oker erabili zutela jakinda".
Gorenak kereila artxibatzea erabaki du delitua ez dagoelako. Gorenaren ustez, "ez dugu bidegabe jokatu, ez da jurisprudentziaren gehiegizko erabilera izan, eta ez da konpetentzien inbatsiorik egon".