Politika -
Memoriaren Eguna
Garitanok 'biktima guztien memoria' aldarrikatu du
Gipuzkoakoa ahaldun nagusiak Batzar Nagusiek antolatutako ekitaldian parte hartu du eta "indarkeria sufritu duten milaka euskal herritarrak" izan ditu gogoan.
Erredakzioa
Martin Garitano (Bildu) Gipuzkoako ahaldun nagusiak "biktima guztien memoria" aldarrikatu du Memoriaren Egunaren harira Batzar Nagusiek Donostian antolatu duten ekitaldian.
Garitano Ikerne Badiola eta Marina Bidasoro diputatuekin izan da ekitaldian. Berezia izan da gaurko ekitaldia Bilduren ordezkari nagusia biktimen omenaldi batera joaten den lehen aldia delako.
Hala ere, Garitano eta Bilduko gainerako ordezkari guztiak izan dira terrorismoaren biktimen oroimenezko oroitarrian larrosa zuriak jarri ez dituzten bakarrak, lelorik gabe egin duten kontzentrazio isilean parte hartu besterik ez dute egin.
Omenaldia amaituta, Garitanok "indarkeria sufritu duten milaka euskal herritarrak" izan ditu gogoan eta "biktima guztien" eguna ez izatea gaitzetsi du. Garitanok azpimarratu du "gatazkaren biktima guztien memoria oroitzeko" asmoarekin joan dela ekitaldira.
"Gaurko egunez Guardia Zibilak Mikel Arregi Lakuntzako zinegotzia hil zuen" eta bere memoria, Garitanoren arabera, "ez da presente egon".
Horren harira, Bilduren nahia "herri honetan indarkeria mota guztien biktima izan garen guztiak oroitzeko ekitaldiak" egitea omen da. "Ez da posible izan. Gaur ez da biktima guztien eguna, etorkizunean denon artean ekitaldi bat adostea espero dugu", gaineratu du.
Julio Astudillo (PSE-EE) Batzar Nagusietako jarduneko presidenteak gonbidatu du Garitano ekitaldira, baina aitortu du sentimendu "gazi-gozoa" izan duela ekitaldian, Bildu, EAJ, PSE-EE, PP eta Aralar ez direlako bat etorri Memoriaren Egunerako adierazpen bat idazteko.
Markel Olano EAJren bozeramailea, berriz, gustura agertu da "indarkeriaren eta terrorismoaren biktimei elkartasuna adierazteko" Gipuzkoako klase politikoak erakutsi duen batasunagatik.
"Hitzek lortu ez dutena, ekintzek lortu dute Gipuzkoan", adierazi du, bere aldetik, Rafaela Romero sozialistak, eta eskerrak eman dizkio Garitanori, "berandu" bada ere, ekitaldian parte hartzeagatik.
Juan Carlos Cano (PP) popularrak ohartarazi du bere alderdiak ez duela utziko "terrorismoaren biktima kontzeptua bortxatzen".