Politika -

Epaiketa Auzitegi Nazionalean

Buesa hiltzeagatik 105 urteko espetxe-zigorra ezarri diote 'Txapote'ri

Buesaren eta bizkartzainaren heriotza leporatuta, Francisco Garcia Gaztelu ETAko buruzagi ohia zigortu du Auzitegi Nazionalak. Gainera, lesio eta dokumentuen faltsutze delituak ere egotzi dizkiote.

Txapoteri 105 urteko espetxe zigorra ezarri diote. Argazkia: EITB
Txapoteri 105 urteko espetxe zigorra ezarri diote.
Txapoteri 105 urteko espetxe zigorra ezarri diote. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak 105 urteko espetxe-zigorra ezarri dio Francisco Javier Garcia Gaztelu 'Txapote' ETAko buruzagi ohiari, 2000. urtean Gasteizen Fernando Buesa PSEko buruzagia eta bizkartzaina hiltzeagatik. ETAk indarkeria bertan behera utziko duela iragarri duenetik, auzitegien lehenengo epaia da honakoa.

Horrela adostu du Zigor Auzitegiaren laugarren Gelak astelehen honetan zabaldutako ebazpenean. Txapoteri hilketa terroristaren delitu bi, lesio delitu bi, hondamen delitu bat eta dokumentu ofizialen faltsutze beste delitu bat egotzi dizkiote.

Halaber, Angela Murillo presidenteak eta Carmen Paloma Gomez eta Juan Francisco Martel magistratuek osatutako Gelak Buesaren senitartekoei eta bizkartzainaren familiari 1.000.000 euroko kalte-ordainak ordaintzeko agindua eman du (500.000 euro familia bakoitzeko).

Ebazpenean agertzen denez, frogatuta geratu da Txapotek 'Ituren' taldeko Asier Carrera, Luis Mariñelarena eta Diego Ugarterekin (Buesaren hilketagatik zigortuak) bilerak egin zituen eta Buesaren "bizitzari eta ohiturei buruzko informazio zehatza" eskatu zien.

Garcia Gazteluk Buesaren jarraipen eta zaintza lanak indartzeko agindua eman zuen ETAk 1999an su-etena hautsi zuenean eta taldeari furgoneta, lehergailuak eta atentatua egiteko armak eman zizkien.

Auzitegiaren arabera, "askotan" saiatu ziren Buesa hiltzan, baina "arrazoi desberdinak" medio ezin izan zuten egin 2000. urteko otsailaren 22a arte.

Dagoeneko zigortuta zeuden ETAko kideek ere aitortu omen dute Txapotek "armak, lehergailuak eta matrikulak" eman zizkiela.

Txapote atxilotu zutenean atzemandako "agenda txiki batean" ere taldeekin izaten zituen bilerak jasotzen ziren eta tartean zegoen "Ituren".

"Ezin da Asier Carrerak emandako datu bat ahaztu", gaineratu dute ebazpenean, izan ere, Carrerak aitortu omen du "ETAk emandako su-etenean etorkizuneko helburuei buruzko informazioa biltzea" agindu zuela Txapotek, "su-etena amaituta, taldeak agindua betetzeko".

Auzitegi Nazionalak aitortu du Txapotek ez duela zerikusi "zuzena eta materiala" hilketarekin, baina "bere agindupean" egindakoa denez, atentatuaren egileen jardueraren "kontrol osoa" zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea