Politika -
Erreakzioak
Alderdi politikoek saminez hartu dute Juan Mari Bandresen heriotza
Bandresek politikagintzari egindako ekarpena goraipatu dute ordezkari politikoek eta "transizio garaian funtsezkoa izan zen figura" joan dela azpimarratu dute.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritza
Patxi Lopez lehendakariak Juan Mari Bandres Euskadiko Ezkerraren fundatzaileak ETAren jarduera armatua amaitu ondoren hasitako "garai berriaz" ezin gozatu izana deitoratu du, hain zuzen Bandresek hori lortzeko "hainbeste borrokatu eta gero", erantsi du.
Lehendakariak Twitter sare sozialean, Euskadin transizio garaian funtsezkoa izan zen pertsonaren heriotzaren inguruan iruzkin bat egin du.
"Bandres hil da. Askatasunaren alde jardun duen gizona, Euskadin zabaldu den garai berria lortzeko hainbeste borrokatu duen gizonak zoritxarrez ezin izan du gozatu", idatzi du lehendakariak.
PSE-EE Txiki Benegas sozialistak Bandres "elkarrizketarako irekia" zen gizona dela azpimarratu du, "akordioak" egiten jakin zuena eta, halaber, "bere kritikak beti, modu adeitsuan" azaldu zituena.
Benegasen ustez abokatu eta politikari donostiarraren heriotza "ezagutu dugun guztiontzat galera handi bat da eta euskal politikagintzan transizio demokratikoaren garaian protagonista izan zen pertsona bat desagertu" dela azpimarratu du, eta "ETA politiko militarraren amaieraren negoziaketetan erabakigarria" izan zela erantsi du.
Esozi Leturiondo, Mario Onaindiaren alargunak eta PSE-EEko legebiltzarkideak, berriz, bere senarra zena eta Juan Mari Bandres, ETAren jarduera armatuaren amaierarekin "pozarren" eta "baikor" egongo zirela adierazi du.
Onaindiaren alargunak bere senarrak eta Juan Mari Bandresek "indarkeriaren eta inposaketaren kontra borrokatu" zutela esan du eta Euskadik egun bizi duen egoerarekin "pozarren" sentituko zirela adierazi du, nahiz eta oraindik egiteko asko egon.
EAJ
Andoni Ortuzar EAJko BBBren presidenteak ere saminez jaso du abokatu eta politikari donostiarraren heriotza. "Une honetan bere babesa eta testigantza oso baliagarriak izango ziren", esan du Ortuzarrek.
Iñaki Anasagasti jeltzaleak ere Juan Mari Bandresek bakearen alde egin zuen lana goraipatu du eta Euskal Herriaren historian tokia izango duela esan du.
PP
Mariano Rajoy PPko presidenteak telegrama bat igorri dio Euskadiko Ezkerrako sortzaile izan zenaren alabari, Espainiako politikagintzan "giza eskubideen defentsan funtsezkoa" izan zen gizonaren heriotza dela eta doluminak helaraziz.
"Zure aitaren heriotza dela eta nire doluminik beroena helarazi nahi dizut. Espainiako politikan eta giza eskubideen defentsan funtsezkoa izan da", idatzi du Rajoyk.
UPyD Rosa Diez UPyDko buruak "politikari handi" bat joan dela azpimarratu du, "aparteko" pertsona, "Espainiako politikari ekarpen handia egin zion une zail eta korapilatsu batean", erantsi du.
Halaber, Bandresek "sinesten zuen hura defendatzeko zuen irmotasuna" goraipatu du Rosa Diezek.
Ezker Anitza-Izquierda Unida
Mikel Arana Ezker Anitzako kideak Juan Mari Bandres Euskadin ezkerraren "erreferentea" dela adierazi du eta "gatazkei eta desadostasunei aurre egiteko" elkarrizketaren aldekoa.
Cayo Lara IUko koordinatzaile nagusiak ere Bandresek politika ezkertiarrarekin eta "elkarrizketarekin" zuen "konpromiso historikoa" goraipatu ditu.