Politika -
Zapatero-Urkullu bilera
Espetxe-politika 'arintzea' eskatu dio Urkulluk Zapaterori
Nolanahi ere, Ramon Jauregik jakinarazi du Zapateroren Gobernuak ez duela aldaketarik egingo espetxe-politikan, hauteskunde osteko Exekutibo eta Parlamentu berriarekiko errespetuagatik.
Erredakzioa
ETAk indarkeria behin betiko uztea erabaki duela eta, adiskidetzerako politika bat martxan jartzeko eskatu dio Iñigo Urkulluk Jose Luis Rodriguez Zapaterori.
EAJren buruzagia eta Espainiako Gobernuko presidentea ordu eta erdiz izan dira bilduta Moncloa Jauregian, ETAk bere erabakiaren berri eman aurretik antolatutako bileran.
Indarkeria behin betiko amaitzeko eta normalizazio politikoa lortzeko prozesuak aurrera egiteko, besteak beste, espetxe-politika "arintzea" eta Alderdien Legea baliorik gabe uztea eskatu dizkio. Horrez gain, elkarrizketaren bideari heltzeko galdegin dio, ETAk ezer lortu ez duela kontuan hartuta, eta Ajuria Eneako Hitzarmenak nahiz Terrorismoaren aurkako Itunak aurrikusten duten moduan. Ezker abertzaleak eta euskal instituzioek biktima guztiak aintzat hartu behar dituztela berretsi du, baina Espainiako Gobernuak eta alderdi politikoek trantsizio prozesu berri bat eta kartzela-politika "arinago bat" bultzatu behar dutela azpimarratu du Urkulluk. EAJko buruzagiaren arabera, "Zapatero ere gurekin bat dator aro berri batean gaudela eta indarkeriaren garaia gainditzeko lan egin behar dela esaterakoan".
ETAko presoen inguruan hartu beharreko neurrien harira, lehen urratsa gaixotasun larriak dituzten presoak Euskal Herrira hurbiltzea proposatu du Urkulluk. Hala eta guztiz ere, presoek ere urratsak eman behar dituztela iritzi dio eta, besteak beste, "damua agertu eta barkamena eskatu" beharko luketela uste du.
PSOEren Gobernuak ez du espetxe-politika aldatuko
Bestalde, Urkulluren ondotik, Ramon Jauregik egin du agerraldia aipatu bileraren inguruko balorazioa egiteko eta argi adierazi du PSOEren Gobernuak ez dituela egungo terrorismoaren kontrako politika eta espetxe-politika aldatuko. "Une honetan horrelako erabakiak hartzea ez dagokio Gobernu honi", azpimarratu du.
Gaixotasun larriak dituzten presoen kasuari dagokionez, Jaureguik bi aldiz gogoratu du Zapateroren Gobernuak dagoeneko preso horiei tratamendu berezia ematen diela, espetxeratze arindua emanda.
Hauteskundeak egiteko 20 egun falta direnean, Gobernuak ez duela horrelako neurrik hartu behar adierazi du. Bere hitzetan, Espainiako Gobernu eta Parlamentu berrien eginkizuna izango da "aro politiko berria kudeatzea".