Politika -
Bilera-sorta
Patxi Lopezek Gobernuarekin lan egingo du presoak 'bergizarteratzeko'
Lehendakariak EAJren presidentearekin izandako bileraren ondoren azaldu duenez, Gobernuarekin elkarlanean aritzeko “borondatea” du “terrorismoak eragin dituen arazoak konpontzeko”.
Patxi Lopez lehendakariak iragarri du datorren Espainiako Gobernuarekin elkarlanean arituko dela ETAko "presoen bergizarteratzean" aurrera egiteko, "demokrazian sartzeko eta legea errespetatzeko borondatea" erakusten duten heinean.
Lehendakariak agiria irakurri du Iñigo Urkullu EAJren presidentearekin bildu ondoren, ETAk jarduera armatua utzi eta gero alderdi politiko guztiekin hasi duen bilera-sortaren baitan.
Lehendakariak Gobernuarekin elkarlanean aritzeko "borondatea" erakutsi omen dio Urkulluri "terrorismoak eragin dituen arazoak konpontzeko".
Lehendakariaren arabera, "terrorismoaren ondorenari batasun osoz eta irizpide argiz" eutsi behar diogu, "zuhurtziaz, arduraz eta irekita".
"Ausardia agerian utzi genuen indarkeria totalitarioaren aurrean demokrazia mehatxu larrian egon zenetan", adierazi du lehendakariak, bakea lortzeko "ausarta" izateko eskatu diotenei erreferentzia eginez.
"Indar politiko eta sozialekin akordioetara iristen" saiatuko omen da lehendakaria, baina aitortu du hauteskundeak gertu egoteak "zaildu" egiten duela "irizpide partekatuak eskatzen dituzten erabakiak" hartzea.
Lehendakariak Eusko Legebiltzarrean, irailean, aurkeztu zuen hamar puntuko ibilbide orria defendatu du "memorian, demokrazian, euskal gizartearen aniztasunean eta sentsibilitate politiko guztien integrazioan oinarritutako garai berria" eraikitzeko.
Bake prozesuan "presarik" ez duela onartuko azpimarratu du, izan ere, euskal gizarteak "40 urte baino gehiago itxaron du momentua iritsi arte", eta oraindik "frogatzeke dago indarkeriaren amaiera egiazkoa eta betiko izango ote den".
Bestalde, lehendakariak "askatasuna eta elkarbizitzarako garai berria ospatzeko" ekitaldi publiko bat egiteko aukera aipatu dio Urkulluri.