Politika -
ETAren adierazpena
Currinek 'gatazka politikoari' heltzeko deia egin du
Bitartekari hegoafrikarra "oso pozik" agertu da ETAren "behin betiko jarduera armatua amaitu" delako.
Erredakzioa
Brian Currin "oso pozik" agertu da ETAk jarduera armatua behin betiko amaitu duela iragarri duelako, eta "lasaituta" dagoela azaldu du.
Johannesburgotik ETBri eskainitako elkarrizketa batean, Brian Currin, Harremanetarako Nazioarteko Taldearen liderrak, ETAren desegitea eta armen entregatzea hasi berri den prozesuan eztabaidatuko diren gaiak direla azaldu du, eta Espainiako eta Frantziako Gobernuei "erantzun dezatela" eskatu die.
Erakunde terroristak "amaiera bat iragarri du, armak utzi dituela adierazi du, eta beraz, armen inguruko gaiak eztabaidatu egin behar dira", azaldu du Currinek.
Aieteko Konferentziako liderrek jokatutako papera babestu du Brian Currinek, "garatzeko betebehar bat zuten, eta uste dut horren froga emaitza ikusi behar dela, ETAk jarduera armatuaren behin betiko amaiera adierazi duen lehen aldia da hau", erantsi du.
Brian Currin abokatu hegoafrikarrak espetxe politika garai berrietara "moldatu" behar dela uste du, "egungo politika moldatzea, aldatzea espero dut, presoen gaia modu berreraikitzailean jorratzeko", erantsi du. Halaber, ETAren iragarpenak "Sorturen etorkizunean eragina izan behar" duela iritzi dio.
Azkenik, Brian Currinek ETAren indarkeriaz gaindi "gatazka politiko" bat dagoela adierazi du, "bistakoa" dela seinalatu du, eta horri "heltzeko" deia egin du.