Politika -
ETAren adierazpena
Bizkartzainak kentzea aztertuko du Jaurlaritzak
Herrizaingo sailburuak gogorarazi du "egoera guztiz ezberdina" dela, eta, ondorioz, "erabakiak hartu" behar direla.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak iragarri du bizkartzainak kentzea aztertuko duela Ertzaintzarekin eta Barne Ministerioarekin. Izan ere, ETAk indarkeria behin betiko utzi eta gero, "egoera guztiz ezberdina da, eta, beraz, erabakiak hartu behar ditugu".
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean, sailburua "oso zoriontsu" agertu da, "denbora asko" baitzeramaten ETAren iragarpen hori itxaroten, "eta, behingoz, egin du".
Aresen ustez, atzoko iragarpenak euskal eta espainiar herritar guztien aldarrikapena ez ezik, "amets bat" ere betetzen du, "eta ametsak betetzen direnean, ospatu egin behar dira".
ETAren iragarpena "Zuzenbide Estatuaren eta demokraziaren garaipena"ri esker etorri dela esan eta gero, Aresek azaldu du orain ez duela inork "historia berridatzi" behar, eta "benetan gertatu zena" gogoratu behar dela, hots, "batzuek hil egin zutela, eta beste batzuk hil egin zituztela".
Bizkartzainak kenduko dituzten galdetuta, sailburuak erantzun du Ertzaintzarekin eta Barne Ministerioarekin batzartuko dela. "Baina argi dago egoera guztiz ezberdina dela, eta, beraz, erabakiak hartu beharko direla".
Iragarpenaren egunean lehendakaria AEBetan zegoela eta, sailburuak berretsi du Patxi Lopez Euskadiren interesak defendatzen ari zela, enplegua sustatzeko. Dena dela, uneoro Gobernuko kideekin eta alderdietako ordezkariekin harremanetan egon zela zehaztu du.
"Lehendakariak zuzendu egin ditu egungo egoerara ekarri gaituzten politikak. Hau bakearen legegintzaldia izango da eta historian agertuko da Patxi Lopezen Gobernuan izan zela", amaitu du.