Politika -

Erreakzioak: EAJ

Urkullu: 'Indarkeriaren amaierak ETA desegitera eraman behar du'

Horren hitzetan, gaurkoa "albiste bikaina da, amesgaiztoa bukatu egin delako". "Azkenean, hurrengo orrialdera igaro ahal izango gara. Beldurrik gabe iratzarri, eta geroari itxaropentsu begiratu".

Iñigo Urkullu, EAJko presidentea. Argazkia: EITB.
ETAren agiria: Iñigo Urkulluren (EAJ) adierazpenak

02:36

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu EAJren presidenteak ETAren behin betiko amaiera "aspalditik" entzun nahi zuen albistea izan dela esan du. "ETAren aldetik interesatzen zitzaigun komunikatu bakarra zen; amaieraren iragarpena. Eta azkenean, iritsi egin da”.

Sabin Etxean egin duen adierazpen berezian, Urkulluk adierazi du une "hunkigarri eta garrantzitsua" dela eta "intolerantzia bortitzaren tributu ankerra ordaindu dutenak" gogoratu ditu.

"Beren neke eta sakrifizioa ez da antzua izango. Gure oroimenak biktimen gogorapenarekin ondua, mendeku goserik gabeko Euskadi berria loratuko du, errespetuan eta askatasunean".

Horren hitzetan, gaurkoa "albiste bikaina da, amesgaiztoa bukatu egin delako". "Azkenean, hurrengo orrialdera igaro ahal izango gara. Beldurrik gabe iratzarri, eta geroari itxaropentsu begiratu", gaineratu.

Urkulluren aburuz, "egun garrantzitsua" da gaurkoa, "baina horrek ez digu hainbatetan esan duguna errepikatzea eragotziko: Euskadik ez dio ETAri ezer zor".

"ETA da Euskadirekiko zor larria duena. Bortxazko jardunaren amaierak eraman behar du armak uztera eta taldea desegitera. Herri honekin hartu duten zorraren parte bat da", esan du.

Urkulluk nabarmendu duenez, bortxakeriari behin betiko uko egiteak, "Euskadin bake iraunkorrerako bidea zabaldu" behar duela "Adiskidetzeak eta elkartasunak aldi berria zabaltzerik izan dezaten".

Horregatik, EAJk eskua luzatu dio ezker abertzaleari, Euskadiko gainerako talde politiko eta sozialekin batera, "elkarrekin egin dezagun adiskidetze eta elkartasun bide hori".

"Amaitu da jada ETAren, Euskadi Ta Askatasunaren aldia. Orain hasiko da Askatasuna ta Euskadiren aldia", bukatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea