Politika -

ETAren agiria

ETAren adierazpena oso-osorik

Borroka armatuari amaiera eman dion agiria da hau.

ETA. EITB
ETAren agiri osoa

02:38

erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadi Ta Askatasunak, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, Adierazpen honen bidez bere erabakiaren berri eman nahi dio Euskal Herriari:

Euskal Herrian burutu berri den Nazioarteko Konferentzia garrantzi politiko handiko ekimena dela deritzogu. Adostutako ebazpenak gatazkaren konponbide osorako osagaiak biltzen ditu eta nazioartearen eta euskal jendartearen sektore anitzen babesa du.

Euskal Herrian aro politiko berri bat zabaltzen ari da. Mendetako gatazka politikoari konponbide justu eta demokratikoa emateko aukera historikoa dago. Indarkeria eta errepresioaren aurrean elkarrizketak eta akordioak ezaugarritu behar dute aro berria. Euskal Herriaren aitortza eta herri borondatearekiko begirunea ukazioari gailendu behar zaizkio. Hori da euskal herritarren gehiengoaren nahia.

Urte luzeetako borrokak sortu du aukera. Ez da bide erraza izan. Borrokaren gogorrak burkide asko betiko eraman dizkigu. Beste asko espetxea edo erbestea pairatzen ari dira. Bihoakie guztiei gure aitortza eta omenaldirik sentituena.

Hemendik aurrerako bidea ere ez da erraza izango. Oraindik orain dirauen zapalkuntzaren aurrean, urrats bakoitza, lorpen bakoitza, euskal herritarren ahalegin eta borrokaren emaitza izango da. Bide honi ekiteko Euskal Herriak aski esperientzia eta indar metatu du urteotan eta badu horretarako erabakitasuna ere.

Etorkizunari itxaropenez begiratzeko unea da. Baita ausardiaz eta arduraz jokatzeko unea ere.

Honenbestez, ETAk bere jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki du. ETAk Espainia eta Frantziako gobernuei deiegiten die, gatazkaren ondorioei konponbide ematea helburu izango duen elkarrizketa prozesu zuzena zabaltzeko, konfrontazio armatua gainditu ahal izateko. Adierazpen historiko honekin ETAk bere konpromiso argi, sendo eta behin-betikoa erakusten du.ETAk, azkenik, euskal jendarteari dei egiten dio konponbide prozesuan murgil dadin, bake eta askatasun agertoki bat sortu arte.

GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA! GORA EUSKAL HERRIA SOZIALISTA!

JO TA KE INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA LORTU ARTE!

Euskal Herrian, 2011ko urriaren 20anEuskadi Ta AskatasunaE.T.A.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea