Politika -

Donostiako Bake Konferentzia

Ezker abertzaleak babestu egin du ETAk indarkeria uzteko eskaera

Rufi Etxeberriak espero du ETAk "erantzun positiboa" ematea nazioarteko adituen eskaerari.

Ezker abertzaleko ordezkariak, gaurko agerraldian. Argazkia: EFE
Ezker abertzaleko ordezkariak, gaurko agerraldian. Argazkia: EFE
Konferentziako 'puntu guztiei' babesa agertu die ezker abertzaleak

00:53

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezker abertzaleak babesa agertu die Aieteko Adierazpeneko "puntu guztiei", ETAri indarkeriaren behin betiko amaiera iragartzea exijitzen diona barne, eta erakunde terroristak "erantzun positiboa" ematea espero duela gaineratu du.

Donostiako Bake Konferentziaren biharamunean egindako agerraldi "berezi" batean, Rufi Etxeberria eta Maribi Ugarteburu bozeramaileek nabarmendu dute nazioarteko adituek euskal gatazka "agendan sartzea" lortu dutela, eta konponbideen ateak ireki dituztela, "herritar guztiak irabazle izan daitezen".

Ezker abertzaleko buruek uste dute azken urratsek "gutxieneko demokratikoak" errotzeko oinarriak ezarri dituztela, eta "elkarrizketa anitza lortzeko espazio politiko barneratzaileak" sortzen laguntzeko konpromisoa agertu dute.

Galderen txandan, Rufi Etxeberriak esan du ETAren erantzun "positiboa" espero duela, baina baztertu egin du epeak aurrez ikusten saiatzea.

Ezker abertzalearen aburuz, heldu da "akordio demokratikoa" lortzeko "eztabaida eraikitzaile giroa" garatzeko, betiere "Euskal Herria nazioa dela eta determinazio eskubidea aitortuta".

"Gatazka politikoa eta ondorio guztiak ixtea eta herrialdea bakean eta askatasunean eraikitzea herritar guztien lana da", esan dute, helburu horiek "inoiz baino gertuago" daudela gaineratuta.

Prentsaurrekoan "belaunaldi ezberdinetako" ordezkari abertzaleak izan dira, hala nola Juan Jose Petrikorena, Joseba Permach, Joseba Alvarez, Tasio Erkizia, Miren Legorburu, Niko Moreno eta Txelui Moreno.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea