Politika -
Kronika
Bakearen gorbatak
Ezker abertzaleko buruak ikusi ditugu gorbata jantzita, eta Arnaldo Otegik behin esan zuen "bakea lortzean" jantziko zutela, beraz, bakea gertu dagoela pentsa genezake.
Manu Gimenez
Duela urte batzuk, indarkeria amaitzeko prozesuak porrot egin zuenean, kazetari talde batek galdera egin zion Arnaldo Otegiri gorbaten inguruan, ea ezker abertzaleko buruzagiek noiz jantziko zuten korbata ekitaldi publiko batean Gerry Adams eta Martin McGuinnes Sinn Feinneko buruek egiten zuten moduan. Otegiren erantzuna zuzena izan zen: "Gorbata? Bakea lortzen dugunean".
Gaur Aieten ikusitakoarekin, bakea gertuago dagoela pentsa genezake. Ezker abertzaleko buruzagi batzuek, normalean gorbata janzten ez dutenek, lehenengo aldiz gorbata jantzi dute gaur ekitaldi publiko batean: Rufi Etxeberriaren eta Martin Garitanoren kasuak dira horiek.
Euskal Herriko politikan hitzordu garrantzitsua izaten ari da Donostiako Bakearen Etxean. Horixe uzten du agerian Bakearen Etxeko atarian, konferentzia hasi aurretik, bildu garen kazetari kopuruak, ehunetik gertu izan baikara. Gainera, segurtasun neurri gogorrek ere erakusten zuten bertaratu diren agintarien pisu politiko handia.
Tentsio uneak bizi izan dira antolakuntzaren eta hedabideen artean, batez ere nazioarteko agintariak iristera zihoazenean, izan ere, jakina da Koffi Annan NBEren idazkari nagusi ohi eta Bakearen Nobel saridunaren argazki batek asko balio duela eta kazetariei hankak gelditu behar izan dizkiete behin baino gehiagotan.
Hala ere, Annan, Gerry Adams eta gainerakoak iritsi direnean, normaltasuna izan da nagusi. Nazioarteko agintariak banan-banan heldu dira autoan Bakearen Etxeko atera eta Donostiako alkatea eta Gipuzkoako ahaldun nagusia agurtu eta argazkirako egokieran jarri besterik ez dute egin. Flashak eta "klik" hotsak nagusitzen ziren agintariak eskailerak igo eta Izagirre, Garitano eta Currinen alboan jartzen zirenean.
Konferentziaren atarian irudiak izan dira ia protagonista bakarrak, eta arratsaldeko 17:00ak arte horrek asetu beharko du kazetari gosea.