Politika -

Bake Konferentzia Donostian

Ikusmina indarkeriaren amaiera sustatuko duen Konferentziaren aurrean

Ekitaldia 13:00etan hasiko da, gonbidatuen harrerarekin. Besteak beste, Kofi Annan eta Gerry Adams izango dira bertan.

Donostiako Bakearen Etxea. EITB
Donostiako Bakearen Etxea. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiak euskal gatazkari konponbidea ematen saiatzeko Nazioarteko Bake Konferentzia hartuko du gaur, indarkeriaren amaiera hurbiltzea helburu.

ETAk armak uzteko iragarpen batekin erantzungo duen zurrumurruak ugaritu egin dira azken egunetan, eta The Guardian egunkariak, adibidez, iragarpena aste honetan bertan helduko dela publikatu du.

Zurrumurruak justifikatuta daude. Izan ere, Konferentziara etorriko diren nazioarteko buruzagiak eragin handikoak dira, hala nola Kofi Annan NBEko idazkari nagusi ohi eta Bakearen Nobel sariduna eta Ipar Irlandako bake-prozesuaren hiru ikur: Gerry Adams Sinn Feineko presidentea, Bertie Ahern Ipar Irlandako lehen ministro ohia eta Jonathan Powell, Tony Blairren kabineteko burua izandakoa.

Euskal politikaren munditik, PP eta UPyD ez beste alderdi guztien ordezkariak izango dira. Sindikatuak eta Confebask patronala ere joango dira.

Patxi Lopez lehendakariak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, ordea, ez dute parte hartuko.

New Yorketik, "ETAk edo bere ingurukoek behin betiko amaiera iragartzeko eszenatoki berezia behar badute, Konferentziaren aukera aprobetxa dezatela" nabarmendu du lehendakariak.

Azken adierazpenean (17:00etan irakurriko dute), ETAri armak uzteko eta Espainiako eta Frantziako gobernuei prozesuarekin konpromisoa hartzeko eskatuko diete.

Horrela izango da Konferentzia

Bake Konferentzia 14:00etatik 17:00etara egingo dute, baina pribatua izango da, hots, kazetariak ezin izango dira sartu. Gonbidatuek hiru minutu izango dituzte hitz egiteko, eta ondoren, 17:00etan bertan, ekitaldi publikoa egingo dute ondorioak aurkezteko.

13:00 Nazioarteko pertsona ospetsuen iritsiera Eraikineko Sarrera Nagusira.

13:30 Parte-hartzaileen iritsiera sarrera nagusitik.

13:45 Konferentziaren aretoan argazkiak hartuko dituzte. Photocall. Taldeka egingo da.

14:00 Konferentziaren lan saioaren hasiera.

17:00 Konferentziaren lan saioaren amaiera.

17:00 Nazioarteko pertsona ezagunek ondorioen berri emango dute (ondorioen irakurketa eta taldeko argazkia).

Parte-hartzaileak

Kofi Annan, Gerry Adams, Bertie Ahern eta Jonathan Powellez gain, nazioarteko ordezkaritza Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohiak eta Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohiak osatuta egongo da.

Euskal alderdien artean, EAJko ordezkariak (Iñigo Urkullu), PSE-EEkoak (Jesus Eguiguren eta Carlos Totorika), Amaiur koalizioa osatzen duten alderdietako kideak -- Ezker Abertzalea, EA (Pello Urizar), Alternatiba (oslar Matute) eta Aralar (Rebeka Ubera)--, Ezker Anitzakoak (Mikel Arana) eta Ezker Batukoak izango dira.

Halaber, sindikatuen ordezkari nagusiak ere Konferentzian izango dira, ELAko Adolfo Muñoz, LABeko Ainhoa Etxaide eta CCOOeko Unai Sordo. UGTren aldetik, berriz, Raul Arza Antolakuntza idazkaria joango da. Confebaskek ere igandean jakinarazi zuen Konferentzian izango dela.

Horiez gain, Frantziako Alderdi Sozialista, Nicolas Sarkozyren UMP alderdia, MoDem zentroko alderdia eta Frantziako Langileen Konfederazioa ere Donostian izango dira.

Bultzatzaileak

Lokarri, Brian Currinen Nazioarteko Harreman Taldea, Berghof Foundation, Concilition Resorucers; The Desmond and Teah Tutu Legacy Fouindation eta NOREF dira Konferentziaren bultzatzaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea