Politika -
Lokarrik antolatuta
Eguigurenek Bake Konferentziara joateko eskatu dio PPri
PSEren presidentearen aburuz, garrantzitsua da Konferentziara joatea "bake biderako hainbat ebazpen" onartuko direlako. Basagoitik, aldiz, Eguiguren erratu egin dela dio, "beti erratzen den bezala".
Erredakzioa
Jesus Eguiguren PSEren presidenteak esan duenez, "garrantzitsua da" asteleheneko Bake Konferentziara joatea eta, bere ustez, PP Lokarrik (besteak beste) antolatutako ekitaldian han egon beharko litzateke "bake biderako hainbat ebazpen" onartuko direlako. "Bizitza guztian eskatu dugun eta orain abiarazi den bide geldiezinean aurrerapausoa da".
Eusko Jaurlaritzako Legebiltzarreko korridoreetan egin ditu adierazpen horiek komunikabideen aurrean Eguigurenek, hilaren 17an Donostiako Aiete Jauregian izango den Nazioarteko Bake Konferentzian bere parte hartzeari erreferentzia eginez.
PSEko presidentearen ustez, "garrantzitsua" da Konferentzian egotea "euskal sozialistek beti borrokatu dugulako bakearen alde". "Pauso erabakigarriak ematen ari diren une honetan, ez gara erretiratuko, lehen tokian egongo gara gainera", azpimarratu du Eguigurenek.
Halaber, PPk ere Lokarrik antolatutako bilkurara joan beharko lukeela adierazi du, Konferentzian ez dutela "inor jango" adieraziz, "bake bidean ebazpenak adostuko dira", eta hori ez dela "beste munduko gauza" erantsi du. "Aurrerapauso bat da sortu den bide geldiezin honetan eta bizi osoan hori eskatu dugu", azpimarratu du.
PP: Eguiguren erratu egin da
Basagoitik adierazi du Eguiguren erratu egin dela, "beti erratzen den bezala", eta Lokarrik eta gatazken ebazpenean lan egiten duten beste bost erakundek antolatutako konferentziak, "ETAri hiltzen uzteko zerbait eman behar zaiola esateko" baino ez duela balioko iritzi dio.