Politika -
Donostiako Konferentzia
Lehendakariak defendatu egin du PSE Konferentziara joatea
Patxi Lopezek esan du sozialistak "pentsatzen dutena esateko" joango direla Bake Konferentziara.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak defendatu egin du PSE-EE Donostiako Nazioarteko Bake Konferentzian izatea, "pentsatzen duena esan ahal izateko".
Horren ildotik, Gasteizko gobernuburuak gogorarazi du sozialisten proposamena politika orokorreko eztabaidan aurkeztutako dekologoa dela.
Lopezek atzo (gaur Euskadin) egin zituen adierazpenak, Dallasera (AEB) heldu eta ordubetera. PSEren erabakia lehendakaria hegaldian zegoela jakin zen, eta beraz, haren lehen agerraldian kazetariek horri buruz galdetu diote.
Lehendakariaren hitzetan, ez da kontraesana PSE Konferentziara joatea, baina Eusko Jaurlaritza ez joatea. Izan ere, "Lehendakaritzara ez da gonbidapenik heldu". "Alderdi politikoak gonbidatu dituzte, eta PSE pentsatzen duena esateko joango da", gaineratu du.
Patxi Lopezek ukatu egin du sozialistak euren jarrera moderatzen ari direla, eta Konferentziari "ongietorria" eman diotela gogorarazi du, betiere bake-bidean aurrera egiteko bada eta ezker abertzalearentzako "progaganda" ez bada.
"Hurrengo egunetan egiaztatuko dugu [ekimena propaganda den], eta han egon nahi dugu egiaztatu ahal izateko", esan du.
Blancok PSE Bake Konferentziara joatearen erabakia errespetatu du
Jose Blanco Sustapen ministro eta Gobernuko bozeramaileak adierazi duenez, Gobernuak PSE Nazioarteko Bake Koferentziara joatearen erabakia errespetatu du, baina bakerako "benetan garrantzitsua" dena ETAk armak uztea dela nabarmendu du.
Ministro Kontseiluaren ostean emandako prentsaurrekoan Blancok azaldu duenez, Gobernuak euskal sozialisten erabakia baloratu ez arren, errespetatu egin du.
Donostiako Bake Konferentzian parte hartuko duten enbaxadoreen, adituen eta bitartekarien "anfitrioiak" izateko eskatu die Patxi Lopez lehendakariari eta Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteari Iñigo Urkullu EAJko presidenteak. Konferentzia astelehenean egingo dute, Donostiako Aiete Jauregian.