Politika -
Astelehenean izango da
PSEk baieztatu du joan egingo dela Donostiako Bake Konferentziara
Jose Antonio Pastorrek adierazi du "bakea lortzeko lagungarri bada", joan egin behar direla: "Garrantzitsua iruditu zaigu bertan egotea".
Erredakzioa
PSE-EEk baieztatu du joan egingo dela astelehenean Donostian egitekoa den Nazioarteko Bake Konferentziara.
Hasieran, Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak aurreratu zuen alderdia ez zela joango, baina azkenean Jose Antonio Pastor bozeramaileak baieztatu du ordezkaritza ofizial bat bidaliko dutela.
Oraingoz ez dute iragarri nortzuek osatuko duten ordezkaritza, baina Jesus Eguiguren PSEko presidenteak iragarri du bertan izango dela, bere izenean behintzat.
Eusko Legebiltzarreko korridoreetan kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, Pastorrek azaldu du PSEk gaur goizean egindako bilera batean hartu duela erabakia, eta Arriolaren hitzak bilera baino lehenagokoak direla.
Pastorren hitzetan, "bakea lortzeko helburu duten pauso guztiak baloratu egin behar dira". "Bakea hurbiltzeko lagungarri bada, bertan izan behar dugu, bertan egotea garrantzitsua dela iruditu zaigu", gaineratu du.
Nolanahi ere, buruzagi sozialistak ohartarazi du ekitaldian "argi" utziko dutela terrorismoaren aurka duten "jarrera".
PPk ez joateko eskatu diela eta, Pastorrek esan du 'popularren' jarrera "zilegia" dela, baina haiek ez dutela ezartzen PSEren politika.
Espainiako Gobernua eta Jaurlaritza, ez
Aitzitik, Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, PPk eta UPyDk aurreratu dute ez direla izango Konferentzian.
Gasteizko Gobernuaren kasuan, Patxi Lopez lehendakariak esan du ez dutela gonbidatu eta ez duela bertan behera utziko AEBetako bidaia ofiziala.
EAJtik eta antolakuntzatik erantzun dute gonbidatu egin dutela, baina Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak berretsi du "ofizialki" ez dutela gonbidapenik jaso.
ELA, LAB, CCOO eta UGT, bai
ELA, LAB, CCOO eta UGT asteleheneko Nazioarteko Bake Konferentziara joango dira.
ELA sindikatuak gaur jaso du gonbidapena, eta dagoeneko esan zuen joango zela, Adolfo Muñoz hartuko du parte Konferentzian. LAB ere bertan izango da, Ainhoa Etxaideren bidez.
UGT Euskadik esan du Raul Arza Organizazioko idazkaria joango dela, eta CCOOk ere parte hartuko du Bake Konferentzian.