Politika -
Euskal gatazka
Ezker abertzalea Parlamentu britainiarrean izan da
Hain zuzen ere, euskal gatazkari buruzko 'briefing' batean izan da, Ganberako alderdi politiko guztiekin batera.
Erredakzioa
Ezker abertzalea Parlamentu britainiarrean izan da asteazken honetan, "euskal gatazka konpontzeko prozesuaren egoeraz" informatzeko.
Hain zuzen ere, ezker abertzaleak euskal gatazkari buruz All-Party Parlamentary Group on Conflict Sigues (APPGCI) taldeak antolatutako 'briefing' batean hartu du parte.
Taldea alderdi guztietako diputatuek osatzen dute, eta "euskal gatazkaren antzeko gatazka politikoen konponbideak sakontzea" du helburu.
Ekitaldia Andy Slaughter diputatu laboristak aurkeztu du. Bertan, Gorka Elejabarrieta ezker abertzaleko ordezkariak txalotu egin du astelehenean Donostian egitekoa den Nazioarteko Bake Konferentzia.
"Bake Konferentzia urrats handia da gatazka politikoari eta armatuari irtenbide partekatuak emateko", gaineratu du.
Elejabarrietaren esanetan, "prozesuan aurrera egiteko unea heldu da, eta horretarako, eragile guztiek konpromisoak hartu behar dituzte konponbide demokratikoak eraikitzeko".
Halaber, "euskal gatazka konpontzeko borondatea badago, [gatazka konpontzea] posible" dela nabarmendu du. "Eta horrela, denok irabaziko dugu".