Politika -
Bake Konferentzia
Alderdien erreakzioak Bake Konferentziaren inguruan
EAJk uste du "mugarria" izango dela. UPyDk, berriz, errefusatu egin du "Batasunaren sareko zati" batek sustatu duelakoan.
Erredakzioa
Alderdi politikoek azkar erantzun diote Donostian antolatu duten Bake Konferentzia proposamenari. Euskal gatazkaren konponbideei buruz hausnarketa egiteko astelehenean Donostian egingo duten Nazioarteko Bake Konferentziak indarkeriaren amaieran "aurrerapauso adierazgarria" egitea izango du helburu.
Josu Erkoreka EAJren diputatuak esan du Konferentzia "mugarri" izango dela bakea behin betiko lortzeko bidean eta ETA desager dadin "bultzada" ematea espero du.
Ordezkari jeltzalearentzat "gertaera gogoangarria da" bakea lortzeko. EAJk, "diskrezioz", bakea lortzeko lanean diharduela azaldu du Erkorekak, beraz, "bide horretan" egiten diren ekimenak babestuko dituztela hitz eman du.
Bestalde, Ramon Gomez Donostian PPko zinegotzia denaren hitzetan, "agerikoa da" gatazkari irtenbidea emateko nazioarteko konferentziaren atzean ezker abertzalea dago, "ekimen honekin terrorismoaren amaiera eurek nahi bezala kontatu nahi dute", gaineratu du.
Haren ustez, ekimen hau Batasuna ohiaren "estrategia garbia" da, "terrorismoaren amaieraren kontaera partziala kontatzeko, eta azaroaren 20ko hauteskunde orokorrei begira botoak irabazteko".
Ezker abertzalearen ustez, nazioarteko bake konferentziak Euskal Herriko gatazkari irtenbidea emateko, "pauso garrantzitsua da" gatazka armatuari eta politikoari "irtenbide integral eta partekatua emateko".
Ohar baten bidez, ezker abertzaleak nazioarteko erkidegoak hartutako konpromisoa txalotu du gatazka politikoari irtenbidea emateko.
UPyDk, berriz, errefusatu egin du nazioarteko Bake Konferentzia, sustatzaileak "Batasunaren sarekoak" direlakoan.Gorka Maneiro legebiltzarkideak iragarri du ez duela datorren urriaren 17an Konferentzian parte hartuko. "Gustu txarreko txantxa bat da, txorakeri bat eta ETAren amaiera irabazlerik eta galtzailerik gabe nahi dutenen zerbitzura egindako zirku bat", adierazi du Maneirok.