Politika -

Dokumentazioa

Biografia: Steve Jobs, teknologiaren munduko ameslari iraultzailea

Ezinezkoa imajinatzeko, sortzeko eta garatzeko gai izan den aitzindaria da.

Steve Jobs, 2010eko urtarrilaren 27an. EFE
Steve Jobs, 2010eko urtarrilaren 27an. EFE
Steve Jobs, 2010eko urtarrilaren 27an. EFE

Erredakzio

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Steve Jobs-ek hainbat gaitasun zituen, baina guztien artean handiena, ezinezkoa imajinatzeko, sortzeko eta garatzeko trebetasuna eta talentua.

1974an, zure lagun litzatekeen makina bat amestu zuen, hots, erabiltzeko erraza izango zen ordenagailua, informatika ezagutzarik gabe erabiltzekoa. Steve Wozniak-ekin bat egin eta gero, proiektua biribildu zuen. Jobsek amestu, eta Wozniakek gauzatu.

1976an, garaje batean, Apple I delakoa sortu zuten. Teklatu bat eta prozesadore bat pantaila bati lotuta. Hori baino ez zen. Erraza.

Gailu horrek argibiderik behar ez izatea amestu zuen, eta, urratsez urrats, funtzionamendua erraztu zuen, erabiltzairearentzat gertuagoa eginda. Teknologia berria sortuz, teknologia ezkutatzen ari zela zirudien.

Bere ustez, imajinatu daitekeen edozer gauzagarria da. Zailena, imajinatzea da.

Steve biek ametsa negozio bihurtu zutenean, baina, arazoak hasi ziren. 1983an, Apple Computer konpainiak 2.000 milioi dolar fakturatu zituen, eta haien erokeriak errentagarri izan zitezkeela ohartu ziren finantza munduan.

Macintosh ordenagailua merkaturatu zutenean, negozioak gora egin zuen eta salmentak ugaritu egin ziren. Ordenagailuaren oinarria asmakizun aitzindari bat zen: arratoia. Lanabes magikoa zen, ordenagailu osoa atzamar batekin erabiltzea ahalbidetzen zuen.

Nolanahi ere, Jobsen ametsak itotzen ari ziren negozioaren eta zenbakien artean, eta abentura berriak probatzera joan zen. George Lucasi animazio konpainia bat erosi zion, eta hori oinarri Pixar enpresa sortu zuen, hots, 'marrazki bizidun'en munduan iraultza ekarri zuena.

Semea, baina, Apple zen, eta 1996an itzuli egin zen. Harrezkero, arrakasta, iraultza. Hankaz gora jarri zuen teknologiaren mundua.

Munduan soldata txikiena zuen presidentea izan zen (dolar bat), eta haren lana, nola ez, amestea zen. Lehen asmakizuna, iMac ordenagailua.

Gauzak politak, erabilgarriak eta aitzindariak izatea zen irizpidea. Kondairaren hasiera izan zen. Mundua bitan zatitu zen: 'Mac'-en aldekoak eta 'PC'-en aldekoak.

2001ean, kutxa zuri txikia merkaturatu zuen, botoirik gabekoa, musika entzutea helburu. Lehen iPod-a izan zen.

Hasieran, ulergaitza zirudien, baina azkenean arrakasta handia izan zuen. Izan ere, bat-batean, walkmanak eta DVD irakurgailu eramangarriak zahar utzi zituen. Txikia zen, eta atzamar batekin erabiltzen zen. Iraultza. Bederatzi urtetan, 220 milioi gailu merkaturatu zituzten.

Hurrengo asmakizun aitzindaria iPhone izan zen, munduko telefono harrigarriena. Pantaila ukigarria izan zuen lehenetakoa.

Jobsen azken ametsa teklaturik eta arratoirik gabeko ordenagailu arina izan da: iPad jaioberria.

Hiru hilabetetan, hiru milioi aparatu saldu dituzte, eta beste behin ere, mundu osoa Jobsen azken fruitua erostera.

Azkenean, minbiziak ametsa menperatu du. 2009ko urtarriletik, haren osasun egoerak okerrera egin zuen, eta aurtengo abuztuan Apple, bere semea, utzi behar izan zuen.

2011ko urriaren 5ean, Steve Jobsek agur esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea