Politika -
Lehendakariaren proposamena
Rubalcaba, ados presoak hurbiltzeko proposamenarekin
Nolanahi ere, Patxi Lopezek esan bezala, neurria gizarteratze prozesuekin lotuta egon beharko litzatekeela gaineratu du.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko presidentegaiak babestu egin du Patxi Lopez lehendakariak politika orokorreko eztabaidan proposatutako 'ibilbide orria'. Besteak beste, ETAko presoak hurbiltzea proposatu du, betiere gizarteratze prozesuan baliagarri bada.
Catalunya Radio irrati-katean egindako elkarrizketan, Barne ministro ohiak baloratu egin du Lopez alderdikidearen proposamena, eta terrorismoa bukatzeko "ibilbide orria" dela adierazi du.
Rubalcabak ez ditu lotu nahi indarkeriaren amaiera eta hauteskunde kanpaina, eta Lopezek egindako proposamenari "oso zentzuzkoa" iritzi dio, ETA "menperatzen" ari baitira.
Nolanahi ere, espetxe politikaren aldaketak gizarteratzearekin lotuta egon behar direla aldarrikatu du, hots, Lopezek esan bezala.
Lehendakariak 'adostasunerako akordio' bat proposatu du ostegun honetan, eta besteak beste, ETAko presoak "mailaka" hurbiltzea aipatu du ekimenen artean. Halaber, ETAri desagertzea exijitzeko eskatu die presoei.