Politika -

Politika orokorreko eztabaida

Legebiltzarreko taldeen erreakzioak

Legebiltzarreko taldeetako bozeramaileek lehen balorazio bat egin dute, lehendakariaren proposamenei erantzuteko.

Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PNV

Bakegintzaren eta normalizazioaren inguruan Patxi Lopez lehendakariak egindako proposamenak eta "azken hilabeteetan Odon Elorzak defendatutako dekalogoa" gauza bera direla esan du Joseba Egibar EAJko bozeramaileak. "Gainditutako eztabaida bat aurkeztu digu", esan du.

Bestalde, fiskalitatearen inguruko eztabaida Batzar Nagusi ezberdinetan "martxan dagoela" nabarmendu du Egibarrek. Bere ustez, lehendakariak eta Jaurlaritzaren Sail ezberdinek egiten dutenari buruz hitz egin behar da, eta ez fiskalitateari buruz.

PSE

Indarkeriaren alorrean "Euskadik begirada propioa" duela defendatu du Jose Antonio Pastor Legebiltzarreko PSEko bozeramaileak. Zentzu honetan, Patxi Lopezek "orden bat jarraitu behar duten" neurriak aurkeztu dituela gogoratu du. "Lehendakariak iragarritako pauso denak bete behar dira deigarrienetara heldu ahal izateko", gaineratu du.

Alor ekonomikoan, Lopezen hitzaldiak "egoeraren azterketa erreala" egin duela azpimarratu du. "Ausardiaz eta adoretsu, egoerari aurre egin nahi izan dio", esan du.

PP

Leopoldo Barreda popularraren ustez, "ezinezkoa da ETAri buruz iraganean hitz egitea". "ETArekin amaitzea izan behar da gure lehentasuna; helburu bakar horrekin lan egin behar dugu, eta ez faktoreak hankaz gora jarriko dituen pot-purri bat aurkeztu".

Krisiari buruz lehendakariak esandakoaren inguruan, Barredaren ustez, "erreflexio eta filosofia gehiegi" egon da, "eta zehaztasun gutxi".

Aralar

Aintzane Ezenarro Aralarreko bozeramaileak bakegintzaren inguruko proposamenak baloratu egin ditu. "Pausoak ematen direnean, argi eta garbi esan behar da". Hala ere, proposamenak "berandu datozela" esan du Ezenarrok.

Ekonomiari dagokionez, etorkizunari begira planak aurkeztuz "Lopezek sinesgarritasuna irabazten" saiatu dela uste du Aralarrek. "Lehendakari ezkertiar bat izango balitz bezala aurkeztu du bere burua, hau bere aurreneko osoko bilkura balitz bezala".

EA

Juanjo Agirrezabalak (EA) esan du lehendakariaren proposamenak bakegintzaren alorrean "sakonagoak ere izan litezkeela" baina "bide onean" doazela. "Egungo kartzela politikak ez duela balio onartu du", azpimarratu du Agirrezabalak.

Alor ekonomikoan, Lopezen hitzen "lausotasuna" kritikatu du. Agirrezabalaren iritziz, "orokortasun gehiegi" planteatu ditu lehendakariak.

Ezker Batua

"Gertatutakoaren egiazko kontaketa" lortzearekin bat etorri da gaur Mikel Arana (Ezker Batua), baina, bere esanetan, "hortik aurrera ezer gutxi proposatu du lehendakariak".

Lopezek "eskuinaren esamoldeak" behin eta berriro errepikatu egin dituela salatu du Mikel Aranak. "Krisia besteoi leporatu nahi izan digu", bukatu du.

UPyD

ETA "bukatu egin dela" eta "Euskadiko historia" dela entzutean "harritu" egin dela aitortu du Gorka Maneirok (UPyD). Bere ustez, Zuzenbide Estatua, Konstituzioa eta Gernikako Estatutua dira defendatu behar diren itunak, "eta ez ezberdinen arteko hitzarmen berri bat".

Planteatutako neurri ekonomikoak "aurretik ere proposatu behar zituela" leporatu dio Maneirok Lopezi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea