Politika -
A-20ko hauteskundeak
Koalizio abertzalea euskal nazioa aldarrikatzera joango da Madrilera
Ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Aralarrek eta Alternatibak osatzen duten koalizioak ez du jakinarazi hautagaitzak izango duen izena, igandean jakinaraziko baitute Iruñean.
Erredakzioa
Ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Aralarrek eta Alternatibak osatzen duten hauteskunde koalizioak "Euskal Herriaren nazio izaeraren errekonozimendua" lortzeko parte hartuko du azaroaren 20ko hauteskunde orokorretan.
Koalizioak prentsaurrekoa eman du gaur Donostian, baina ez du jakinarazi zein izen izango duten hauteskundeetan, igandean Iruñean egin asmo duten ekitaldian emango baitute informazio horren berri.
Gaurko agerraldian Rufi Etxeberria eta Txelui Moreno ezker abertzalekoak, Pello Urizar EAren idazkari nagusia, Rebeka Ubera Aralarren ordezkaria eta Oskar Matute Alternatibaren koordinatzailea bertaratu dira.
Koalizio abertzaleak "euskal nazioa subjektu gisa" aldarrikatuko du Madrilen eta "aldaketa politiko eta soziala" sustatuko du "Euskal Herriak Espainiako Estatuarekin duen gatazka historikoari irtenbide demokratikoa emateko".
Horretarako, Nafarroako errealitate politikoa kontuan izango dute, "erritmoa eta abidura horretara egokituz" eta "nafarren erabakiak errespetatuz".
Euskadirako planteatzen duten akordioarekin batera, lau alderdi politikoek iritzi diote , "Euskal Herriaren eta Estatu espainiarraren artean jokatzen" dela partida" eta "bake gaietan eta normalizazio politikoan lehentasunak diren alorretan" Estatua "beharrezko aktorea" dela azpimarratzen dute.
Bilduk eta Aralarrek osatutako koalizioaren izena Amaiur izan daiteke
Bilduk (ezker abertzalea, EA eta Alternatiba) eta Aralarrek osatutako hauteskunde-koalizioa (gaur goizean aurkeztu dute Donostian), Amaiur izan daiteke.
Alderdi horiek adierazi dutenez, hauteskundeetako aliantza berriaren izena ez dute guztiz erabakita, baina asteburua baino lehen adostuko dute, urriaren 2an aukeztu egingo baitute, logotipoarekin batera, Iruñean egingo duten ekitaldi batean.
Beste izen batzuk pentsatu dituzten arren, Nafarroako herri bati dagokion Amaiur da aukera gehien dituena proiektuari berriari izen emateko, azaroak 20ko hauteskunde orokorretara joateko.