Politika -
EPPKren adierazpena
Rubalcabak errefusatu egin du presoei 'irtenbide kolektiboa' ematea
PSOEren presidentegaiak azpimarratu du amnistia ez dagoela "gure Konstituzioaren joko arauen barruan".
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren Gobernurako presidentegaiak errefusatu egin du ETAko presoei "irtenbide kolektiboa" emango dietela, amnistia ez baitago "gure Konstituzioaren joko arauen barruan".
Rubalcabak Canal Sur Radio irrati-katean egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, "zuhurtasunez baina gustura" hartu du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Gernikako Akordioarekin bat egin izana. Presoek "amnistia" eskatu dute adierazpenean eta norbanakoei ematen zaizkien onurak kritikatu dituzte.
Rubalcabak azpimarratu du Zigor Kodea errespetatu behar dela eta "norbanakoari" eragiten dieten onurak aurreikusten direla bertan eta kolektiboari eginez gero, "Espainiako gainerako presoei ere" eragingo liokeela.
Hautagai sozialistarentzat, garrantzitsuena da presoek "ezker abertzaleak duela urtebete" ETAri esan ziona berretsi dutela, "indarkeria utzi behar duela, eta ikuspuntu horretatik begiratuta, egoera berri baten aurrean gaude".
"Pauso bat gehiago da, baina azkena ETA desagertzen denean iritsiko da", adierazi du ministro ohiak.