Politika -
Alderdi eguna
Urkullu: 'Euskadik ez du zorrik ez ETArekik ez ezker abertzalearekin'
ETAren amaierak atzerapausorik ez duela eta "arriskatzeko" unea dela esan du Urkulluk. Ezker abertzaleari, PSOEri eta PPri "kalkulu elektoralistak" uzteko eskatu die.
Erredakzioa
"Euskadik ez du ETArekin ezta ezker abertzalearekin ere inongo zorrik" esan du EAJko presidenteak, Iñigo Urkulluk. Aitzitik, zorra beraiek dutela Euskadirekin adierazi du.
Forondan ospatu den Alderdi egunean esan ditu hitz hauek Urkulluk, bertara joan diren EAJko milaka afiliatu, zale eta kargudunen aurrean.
Ezker abertzaleak EAJ alderdi "zaharkitua" dela esatea kritikatu du. "Zaharkitua beraien iraultza, haustura eta porrot egin duen borroka da", gaineratu du Urkulluk.
EAJk Euskadiren etorkizuna lantzen den tokian lan egiten jarraituko duela esan du. Ezker abertzalea, berriz, "ez du ez autogobernua, ez modernizazioa, ez gizartea eta ekonomia suspertzen lagundu ".
ETA eta ezker abertzalea Euskadirekin zorretan daudela azpimarratu du, baina ongietorria eman die "nahiz eta berandu eta harrotasunez iritsi diren".
ETAko presoen kolektiboak Gernikako Akordioarekin bat egin duela iragarri ostean, "arriskatzeko" unea dela esan du Urkulluk eta Gobernuari eta alderdi politikoei aukera honetan "kalkulu elektoralistak" alde batera uzteko eskatu die.
Nazio bezala jauzi bat egitearen aldeko apustua egin du Urkulluk, eta Euskadik EAJri esker "eskubide historikoak eta erabakitzeko eskubidea instituzionalizatuko duen estatus politiko berria" nabarmendu du.
Bere alderdiaren proiektu politikoa defendatu du. "Ez da inoiz eskuinekoa izan, ezta ezkerrekoa ere, pertsonak erdian baino ez ditu jartzen, eta horrela funtzionatzen du", esan du Urkulluk.