Politika -
Bilbon
Manifestazio jendetsua, 'Bateragune' auziko epaiaren aurka
Bukaeran, zigortutako guztien izenean Arnaldo Otegik idatzitako gutuna irakurri dute. Bertan, "bakea gauzatzea oztopatzeko helburua" duen "agenda" bat dagoela salatu du Batasuneko bozeramaile ohiak.
Erredakzioa
Manifestazio jendetsua egin dute Bilbon larunbat arratsaldean, Auzitegi Nazionalak 'Bateragune' auzian emandako epaiaren kontra. Epai horrek Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile oihari, besteak beste, 10 urteko kartzela zigorra jarri zion.
Manifestazioaren lehen lerroetan ekitaldia bultzatu duten alderdi eta eragileen ordezkariak izan dira. Ezker abertzalearen aldetik, Rufi Etxeberria, Iñigo Iruin, Tasio Erkizia, Jone Goirizelaia eta Txelui Moreno izan dira, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia eta Eugenio Etxebeste 'Antxon' ETAko kide ohiarekin batera.
Horiekin batera izan dira Pello Urizar EAko idazkari nagusia eta Rafael Larreina alderdiko agintaria, Oscar Matute Alternatibako bozeramailea eta Aralarreko Rebeka Ubera eta Iñaki Aldekoa, besteak beste.
"Epaiketarik ez. Zigorrik ez. Aterabide demokratikoak orain!" lelopean milaka pertsona bildu dira Bizkaiko hiriburuan. Hainbat momentutan independentziaren aldeko oihuak eta ETAko presoak Euskadira ekartzearen aldekoak egin dituzte.
Otegiren gutuna
Manifestazioa bukatuta, Arnaldo Otegik idatzitako gutuna irakurri dute. Bertan, Otegik "bakea gauzatzea oztopatzeko helburua" duen "agenda" bat dagoela salatu du. Bere hitzetan, 'Bateragune' auziko epaiaren bitartez "estrategia berriarekin bat datozen pausoak ematea galarazi nahi digute, eta horrela Euskal Herriko eszenario berria finkatzea saihestu".
Hala ere, "behin betiko eta atzera-biderik gabeko urratsak" ematea saihesteko ahalegin horiek bertan behera geratuko direla gaineratu du. "Lopez, Ares, Rubalcaba jaunak... Existitzen ez den Espainiako Zuzenbide-Estatuak ez du bakea Euskal Herrira ekarriko, Bakea Euskal Herriaren Estatua aldarrikatzen duten horiek ekarriko dute", azaldu du.