Politika -

Bateragune auzia

Epaia zentzugabekeria juridiko eta demokratikoa dela esan du Aralarrek

Oinarri demokratikotik begiratuta homologagarria ez den epai baten aurrean gaudela esan eta bake bidezko erantzuna ematera dei egin du alderdiak.

Patxi Zabaletaren artxiboko irudia. Argazkia: EITB
Patxi Zabaletaren artxiboko irudia. Argazkia: EITB
Patxi Zabaletaren artxiboko irudia. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur ezagutarazi den Bateragune auziko epaiaren aurrean, Aralarrek adierazi du sententzia hori ez dela onargarria oinarri demokratikoetatik, soilik bide politikoak defendatzeagatik lan politikoa soilik egiten ari zirenak zigortzea eskubide urraketa delako, ikuspegi demokratiko batetik.

Aralarren iritzian, epai hau kaltegarria da gizartearentzat, atzerakoia eta beste garai bateko kutsua izateaz gain, gizartea egiten ari den lana oztopatzen duen epaia delako.

Sakonki aztertuz gero, horrelako zentzugabekeria juridiko eta demokratikoa den epai batek Estatuaren ahultasuna frogatzen du; ahultasun demokratikoa, nahiz eta indarkeriazko ahultasuna izan, azaldu du alderdiak. Horregatik, bake bidezko erantzuna ematera deitu du.

"Bakea irabazteko, askatasuna irabazteko bezala, prezio handia ordaindu behar izaten da batzuetan, baina bakea bake bideak erabiliz irabazten da", nabarmendu du Aralarrek.

Alderdiak elkartasuna adierazi nahi die zigortuak izan diren presoei, preso politikoei eta kontzientziako preso guztiei. Amaitzeko, Auzitegi Gorenari eta oro har estatuko aginte guztiei dei egin die Aralarrek, "oker juridiko eta demokratikoa den epai hau zuzendu eta ezaba dezaten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea