Politika -
Dokumentazioa
Biografia: Arnaldo Otegi, ETAn izatetik politikan bakea bilatzera
Ezker abertzaleko buruaren ibilbideak hainbatetan egin du topo justiziarekin. Halaber, hiru saiakera handi egin ditu euskal gatazkari behin betiko konponbidea emateko.
David Perez
Arnaldo Otegi Mondragon (Elgoibar, 1958ko uztailak 6) ikurra da ezker abertzalearentzat, haren buruzagi eta negoziatzaile nagusia, egunetik egunera legebiltzarkide ezezaguna izatetik buruzagi eta bozeramaile nagusi izatera pasatutakoa.
Ezker abertzalea indarkeriatik aldentzea lortu duen buruzagia da. Gainerako alderdiek ETAren aurrean "epela" izatea eta erakunde terroristaren aginduak betetzea leporatu diote.
Ibilbide politikoan, hiru saiakera euskal gatazkari behin betiko konponbidea emateko: Lizarrako Akordioa eta ETAren 1998ko su-etena, 2006ko bake-prozesua eta ezker abertzalearen estrategia aldaketa 2009tik aurrera.
Auzitegietan ere bide luzea egin behar izan du, orotara bost aldiz espetxeratu egin baitute.
Gaztaroa, ETAn
Ezker abertzalearen burua izan baino lehen, Otegik gatazkaren 'beste aldea' ezagutu zuen. 1977an, 19 urte baino ez zituela, ETA politiko-militarreko kide egin zen, eta ETA militarrera pasatu zen 1981ean.
Handik eta zortzi urtera, 1989an, akusatuen eserlekuan eseri zen lehen aldiz; etorkizunean hainbatetan errepikatuko zen irudia.
Urte horretan, Javier Ruperez UCDko parlamentario ohia bahitzea egotzita epaitu eta absolbitu zuten, baina lehen zigorra hilabete gutxiren buruan etorri zitzaion, sei urteko espetxe zigorra, Luis Abatua enpresaburuaren bahiketan parte hartzeagatik. Zigor erdina bete zuen.
Lehen urratsak politikan
Politikaren munduan barrena, Otegik oso epe laburrean hartu zuen ezker abertzalearen gidaritza, hainbat karanbolaren ondorioz batik bat: 1995ean egin zen legebiltzarkide, epaileek Begoña Arrondo parlamentario alderdikidea espetxeratu eta gero, eta bi urte baino ez igarota, 1997an, Mahai Nazional osoa kartzelatu zutenean alegia, Herri Batasuneko bozeramaile nagusi bihurtu zen.
Eusko Legebiltzarrean aritutako lehen bi urteetan, Otegi parlamentario ezezaguna zen, oihartzun gabekoa. Ospea Ganberan Juan Mari Atutxa Herrizaingo sailburuari aurre eginez irabazi zuen. Bien arteko tirabirak ugariak izan ziren, Atutxak begiradan "gorrotoa" izatea leporatu zionekoa, kasu. Otegiren erantzuna, trebea: "Nik ez zaitut gorroto; zuk ni, seguru baietz".
Lizarrako Akordioa, lehen arrakastak
Arrakasta azkar heldu zitzaion. Ezker abertzaleko agintea hartu eta urtebete eskasera, Lizarrako Akordioa sinatu zuen, ETAk tregoa "mugagabea" iragarri zuen, HBk (Euskal Herritarrok izenarekin jada) bere historia osoko emaitza onenak lortu zituen 1998ko hauteskundeetan, eta EAJrekin eta EArekin ituna sinatu zuen Juan Jose Ibarretxe lehenez aldiz lehendakari izateko.
Garai horietan, "euskal Gerry Adams" ezizenaz deitu zuten hainbat sektoretatik.
Arrakastak, baina, laster egin zion ihes. 1999ko azaroaren 28an, ETAk amaitutzat eman zuen tregoa, eta Otegiren distira ilundu egin zen. Garesti ordaindu zuen: sinesgarritasuna galdu zuen, ETAren aginduetara egotea leporatu zioten, ezker abertzale barruan indarkeria gaitzestaren aldekoak zirenak Aralar alderdi berrian bereizi ziren eta EHk eserlekuen erdiak galdu zituen 2001eko hauteskundeetan.
Anoetako Adierazpena eta 2006ko bake-prozesua
Testuingurua azal dezagun: 2001 urtea, garai ilunak ziren ezker abertzalearentzat, Jose Maria Aznarrek (PP) gehiengo osoz gobernatzen zuen Moncloan, PSOEk eta PPk Terrorismoaren aurkako Ituna sinatu berri zuten eta Alderdien Legea heltzear zegoen (2002an). Giroa ez zen aproposa Otegirentzat, baina, hala ere, Jesus Eguiguren PSE-EEko presidentearekin Elgoibarreko Txillarre baserrian batzartzen hasi zen, sekretuan eta norbera bere izenean. Sukalde lanak, nolabait.
Zeregin horretan bost urte eman zituzten, eta uzta 2006an jaso zuten, bake-prozesua abiatu zenean.
Bi urte lehenago, 2004an, Otegi "olibondo adarra eskuan" agertu zen Anoetako Belodromoan, eta elkarrizketa politikoa eta "teknikoa" (ETAren indarkeria) bereizi egin behar zirela aitortu zuen lehen aldiz. "Bi mahaien" metodologia: lehenengoan alderdi politikoak elkartu behar ziren, politika hizpide, eta bigarrenean ETA eta Espainiako Gobernua, "desmilitarizazioa" eta presoak oinarri.
Otegik eta Eguigurenek ezkutuan egindako lan horren ostean, ETAk "su-eten iraunkorra" iragarri zuen 2006ko martxoan. Otegi eta Alderdi Sozialista elkar ulertzen hasi ziren, eta Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburuak (2004an ezustean irabazi zituen hauteskundeak) Batasuneko bozeramailea "bake gizona" dela esan zuen. Otegiren distira, bizia berriz.
Bake-prozesuak aurrera egin zuen. Gobernua ETArekin batzartu zen Genevan (Suitza) eta Oslon (Norvegia) eta, aldi berean, Otegi eta beste zenbait buruzagi abertzale EAJrekin eta PSE-EEren bildu ziren Loiolako santutegian. Aurre-akordioa ere sinatu zuten.
Idatziak euskal nortasun nazionala aitortu eta Estatuko erakundeek euskal herritarren erabakiak errespetatu behar zituztela defendatzen zuen. Bakea eta gatazkaren amaiera inoiz baino hurbilago zeuden.
Nolanahi ere, gauzak okertzen hasi ziren. Akordioa ia itxita zegoela, Batasunak azken orduko proposamen berriak aurkeztu zituen, eta EAJk eta PSEk onartezintzat jo zituzten. Negoziazioak porrot egin zuen, azken hamarkadetan enegarren aldiz.
Jeltzaleek eta sozialistek ez zuten zalantzarik, ETAk akordioari 'ezetz' esan ziolako egin zuen mugimendua Batasunak. Otegik, ordea, ezker abertzaleak berme gehiago lortu nahi zituela argudiatu zuen, "erabakia ezker abertzaleak hartu zuen, ez ETAk".
Bake-prozesua ez aurrera ez atzera zegoen, edo hobe esanda, atzera egiten ari zen, aurrera baino. Eskuineko hedabideen eta alderdien presioa inoiz baino handiagoa zen, eta elkarrizketa blokeoa ezin konpondu zegoen. Negoziazioaren partaideek, gainera, elkarri leporatzen zieten porrota jendaurrean.
Testuinguru horretan, 2006ko abenduaren 30ean, Otegi eta Eguiguren oraindik ere egoera salbatzen saiatzen ari zirela, ETAk bonba-autoa zartarazi zuen Barajaseko (Madril) aireportuan. Carlos Alonso Palate eta Diego Armando Estacio ekuadortarrak hil egin ziren.
Otegik ETAn eraginik ez zuen buruzagiaren irudia izan zuen berriro.
Erakunde terroristak 2007ko ekainaren 5ean iragarri zuen, ofizialki, su-etenaren amaiera, eta hiru egunen ostean, Otegi kartzelatu egin zuten, 15 hilabeteko espetxe zigorra bete zezan. 2003an, Argalaren aldeko omenaldi batean, terrorismoa goratzea egotzi zioten.
Kartzelan zegoela, Otegik politika utzi zuela publikatu zuten hainbat hedabidetan. ETAk baztertu egin zuen, informazio horien arabera. Batasuneko bozeramailea Batasuneko bozeramaile ohi gisa aipatzen hasi ziren.
Indarkeriatik urruntzeko prozesua
Otegik, alabaina, ez zuen utzi politika. 2008ko abuztuaren 30ean espetxetik atera zenean, ezker abertzalea bake-prozesuaren porrotak lur-jota zegoen eta ekimen politikoak abiatzeko ahalmena oso mugatuta zuen, buruzagi gehienak espetxean baitzeuden.
Orduan, Otegik eta Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohiak, ezker abertzalearen historian lehen aldiz, indarkeriatik aldentzeko barne eztabaida sustatu zuten.
2009ko urrian, hausnarketon emaitzak txosten batean bildu, eta militanteekin eztabaidatzen hasi ziren, herriz herri. Txosten horrekin, "soilik bide politikoen eta demokratikoen alde" egiteko apostua barneratzen saiatu ziren.
Publikoki barne eztabaidaren hasieraren berri eman baino lehen, 2009ko urriaren 13an, Arnaldo Otegi eta Rafa Diez atxilotu egin zituzten, LABen Donostiako egoitzan. Bateragune auziaren hasiera izan zen.
Operazio horretan, orotara 10 pertsona atzeman zituzten (bi deklaratu ostean utzi zituzten aske), ETAk aginduta Batasuna berriz osatzen saiatzea leporatuta.
Hurrengo hilabeteetan, Otegik espetxetik jarraitu zuen hark hasitako prozesuaren garapena: "Zutik Euskal Herria" txostenaren aurkezpena (prozesua indarkeriarik gabe gauzatu behar dela dio), Eusko Alkartasunarekin sinatutako itun estrategikoa eta Gernikako Akordioa (ETAri su-eten iraunkorra eskatu zioten, armak behin betiko uzteko "borondate" adierazpen gisa). ETAk 2011ko urtarrilaren 10ean erantzun zuen, "su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria" iragarrita. Lau hilabete lehenago, 2010eko irailaren 5ean, "eraso ekintza armatuak" bertan behera uztea erabaki zuela aurreratu zuen.
2011ko ekainean, Otegi eta beste zazpi pertsona, tartean Rafa Diez, epaitu egin zituzten Bateragune auziaren baitan. Batasuneko bozeramaile ohiarentzat, bere 'ibilbide orria'ren sinesgarritasuna frogatzeko aukera paregabea zen.
Hori horrela, irmo mintzatu zen epaileen aurrean: "ETAren Indarkeria soberan dago eta oztopo da"; "ETA indarkerira itzultzea suizidio politikoa litzateke ezker abertzalearentzat"; "ETAk uste du indar abertzaleen batasuna aldi berean borroka armatuari eutsita lor daitekeela, baina guk ez"; "Su-eten partzialen estrategiek ez dute balio"; "Indarkeriak, arazoak konpondu beharrean, enkistatu eta zaildu egiten ditu"...
Hiru hilabeteren ostean, irailaren 16an, Auzitegi Nazionalak 10na urteko espetxe zigorra ezarri die Otegiri eta Diezi, ETAko kide izatea egotzita.
2011 urriaren 20an, ETAk indarkeriaren amaiera iragarri zuen. Zazpi hilabeteren ostean, Gorenak espetxean jarraitzea erabaki du. Zigorra, baina, 10 urtetik 6ra jaitsi dio.
Horrenbestez, Otegi ezingo da izan ezker abertzalearen lehendakarigaia EAEko hauteskunde autonomikoetan.