Politika -
Auzitegi Nazionala
Bateraguneko epaia jasotzeko agerraldia egingo du Otegik astelehenean
Prokuradoreei eta aldeetako abokatuei sententziaren berri emango die auzitegiak ostiral honetan.
Erredakzioa
Arnaldo Otegi Batasunako bozeramaile ohia Auzitegi Nazionalera eramango dute astelehenean, Bateragune auziko sententzia jasotzeko. Prokuradoreek eta aldeetako abokatuek bihar izango dute epaiaren berri, espetxeetako eta auzitegiko iturriek jakitera eman dutenez.
Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta behin behineko espetxealdian diren beste bi auzipetuak Auzitegi Nazionalean izango dira astelehenean. Bien bitartean, Sonia Jacinto EHAKko diruzain ohia bihar eramango dute epailearen aurrera, izan ere, Madrilgo espetxe (Estremera) batean dagoen bakarra da.
Otegi eta Rodriguez Logroñoko espetxean daude eta Zabaleta Valladolidetik egin beharko du bidaia.
Arnaldo Otegi behin-behineko espetxealdian dago Bateragune auzian, eta aske geratuko da epaimahaiak absolbitzen badu. Izan ere, 'herriko tabernen' auzian epaitu behar dute oraindik, baina kasu horretan behin-behineko askatasuna ezarri zioten.
Gara egunkariak iragarri duenez, zortzi auzipetuen defentsak ostiral goizerako deitu ditu epaimahaiak, epaia jakinarazteko.
Fiskaltzak 10 urteko espetxe zigorra eskatu du Otegirentzat eta Diezentzat; 9koa Miren Zabaletarentzat eta 8koa Arkaitz Rodriguezentzat eta Sonia Jacintorentzat. Mañel Serraren, Txelui Morenoren eta Amaia Esnalen aurkako akusazioak, aldiz, bertan behera utzi ditu.
Herri akusazioak (Voces contra el Terrorismo-Verde Esperanza elkartea) 14 urteko zigorra eskatu du zortzientzat, eta defentsek, absoluzioa.
Zortzi auzipetuak erakunde terroristako kide izatea egotzita epaitu dituzte, Batasuna berriz osatzea eta ETAk aginduta "aliantza independentista" bat bultzatzea leporatuta.