Politika -
Aurreakordioa
Eudelen osaketa berria adostu dute EAJk, PSEk eta PPk
Hiru alderdien zuzendaritzek akordioa berretsi behar dute. Horrela, Batzorde exekutiboaren presidentzia jeltzaleentzat, Ibone Bengoetxearekin, eta presidenteordetzak sozialistentzat eta PPrentzat.
Erredakzioa
Joseba Egibar bozeramale jeltzaleak Radio Euskadin berretsi du aurre akordioa egin dutela PSErekin eta PPrekin Eudeleko gobernu taldea osatzeko. Ibone Bengoetxea, Bilboko Kultura zinegotzia izan liteke jeltzaleek Eudeleko presidentetarako aurkeztuko duten hautagaia, baina ez da eskuartean duten izen bakarra. Presidenteordea Jose Antonio Santano Irungo alkate sozialista eta Javier Maroto Gasteizko alkate popularra izango dira. Hilaren 20an egingo dute Eudeleko zuzendaritza berria aukeratzeko bozketa. Aurretik, alderdietako zuzendaritzek berretsi egin beharko dute orain arteko negoziazioetan lotu den akordioa. Juanjo Agirrezabala EA-ko legebiltzarkideak zehaztu du Bilduko ordezkariek parte hartuko dutela Eudelen, baina oraindik ez dutela erabaki zer-nolakoak izango den parte hartze hori. Edozein modutan, Agirrezabalak azpimarratu du Eudelen egitekoak udaletxeei laguntza teknikoa ematea izan beharko duela.
Bildurekin adostasunik ez dute lortu jeltzaleek eta PSE eta PPrekin aurreakordio bat ixtea posible izan da. Horrela, Euskadiko Udalen Elkarteko presidentetza mantenduko du EAJk.
EAJko iturriek azaldu dutenez, Eudeleko erantzukizunak banatzeko orduan Bildu "luzamendutan ibili da erabakia ez hartzearren". Horregatik, Euskadiko Udalen Elkarteko etorkizuna bermatzeko PSErekin eta PPrekin akordio bat ixtea erabaki dute jeltzaleek.
Dirudienez, Bildu Eudeleko presidentetzan izatearen aurka agertu dira jeltzaleak, udal-hauteskundeetan boto gehien lortu zituen alderdia EAJ izan zela argudiatuta.
Bildu
Bestalde, Eudelen parte hartuko duen ez duela oraindik erabaki ziurtatu du Bilduk, baina Udalbiltzaren etorkizunarekin loturik ez dagoela erantsi du. Hautagaitza bat aurkezteko erabakia asteartea baino lehen hartuko dutela gaineratu du koalizioak, horretarako epea amaitzen den egunean.
Batzorde exekutiboan parte hartu gabe Eudelen izateko formularen bat aztertzen ari direla azaldu dute Bilduko iturriek. Euskadiko Udalen Elkarteko funtzionamendua kritikatu du koalizioak eta alkate eta zinegotzi gehien lortu zituen alderdiaren parte-hartzerik gabe etorkizun "zalantzagarria" izango lukeela ohartarazi du.