Politika -
Akordioa Madrilen
UPN eta PP elkarrekin joango dira azaroko hauteskundeetara
Barcina eta Rajoy Madrilen elkartu dira gaur goizean koalizioa berpizteko helburuarekin. Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohiak negoziaziorako bidea "libre" utzi dio Barcinari.
Erredakzioa
Azaroko hauteskundeei begira, PPk eta UPNk zerrenda bateratua aurkezteko akordioa lortu dute gaur goizean. Mariano Rajoy PPko burua eta Yolanda Barcina Nafarroako presidentea Madrilen elkartu dira, akordioa lortzeko helburuarekin.
Orain, bai PPk eta baita UPNk ere aurrekordio horri babesa eman beharko diote, bakoitzak bere aldetik.
Gauzak horrela, UPNko ordezkari bat izango da zerrendan lehena. UPNk zerrendako lehen, hirugarren eta laugarren tokiak hartuko ditu (zerrendak bost izen izan behar ditu).
Horrez gain, UPNko hautesleek Talde Mistoan egingo dute lan (negoziazioan UPNk mantendu duen eskaera nagusietako bat). Senatuan, UPNk bi eserleku lor ditzake eta PPk, berriz, bat.
Bildu eta Aralar Nafarroan lehen indarra izan ez daitezen, elkartzeko borondatea azaldu zuten UPNk eta PPk.
Mariano Rajoyrekin batera, Maria Dolores de Cospedal eta Ana Mato idazkariordeak bileran izan dira. UPNtik Alberto Catalán eta Carlos Garcia Adanero joan dira, Yolanda Barcinarekin batera.
UPN
PPrekin lortutako akordioa Nafarroarentzako "positiboa" dela adierazi du Carlos Garcia Adanero UPNko idazkari nagusiak. Akordioak UPNk PSNrekin duen Gobernu itunari kalterik egingo ez diola uste du Garcia Adanerok.
UPNko ordezkaria pozik agertu da akordioarekin, bere alderdiak "ahots propioa" mantenduko duelako Kongresuan, Talde Mistoaren bidez.