Politika -

Hauteskunde orokorrak

UPNk dio 'leiala' izango dela PSNrekin, baina sozialistak ez dira fio

Bilduk, bere aldetik, "izututa" ikusten ditu "Nafarroako eta Espainiako eskuindarrak, abertzaleen, aurrerakoien eta ezkertiarren batasunagatik".

UPN-PP: Miguel Sanzi ez dio onik egin Yolanda Barcinak esandakoak

01:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSNk ohartarazi du Yolanda Barcina UPNren eta Nafarroako Gobernuaren presidentea "arrisku handia hartzen" ari dela hauteskunde orokorretarako PPrekin balizko aliantza bat egitea proposatzean, baina Alberto Catalan UPNko buruzagiak erantzun du "leialak" izango direla PSNrekin.

Oraindik PPrekin akordiorik ez dutela lotu azpimarratu ondoren, Catalanek esan du "arriskatua" izango litzatekeela UPNk eta PPk hauteskunde orokorretarako ituna egiteak UPN-PSN Gobernuari kalte egingo diola esatea, izan ere, UPN eta PSN "elkar ulertzera behartuta daude Nafarroan".

Hori horrela, UPN "leiala" izango dela hitz eman du, "Nafarroaren interes orokorra alderdiaren gainetik dagoelako". Hortik aurrera egiten diren akordioak "errespetu eta leialtasun horretan oinarrituak" izango direla gaineratu du.

Sozialistentzat, ordea, Barcinaren asmoak agerian uzten du "arrisku handia hartzen" ari direla eta Juan Jose Lizarbe bozeramaileak uste du horrek "UPNren baitan iskanbila handia" sortu duela.

Horren harira, Barcinak "Nafarroa gobernatzeko ardurari uko egin eta politika nazionalean jolastu" nahi duela esan du Lizarbek, eta jarrera hori krisi garaian ez dela egokiena kritikatu du.

Ziurrenik gaur arratsaldean aztertuko du UPNk Barcinaren proposamena, baina Santiago Cervera Nafarroako PPren presidentea baikor agertu da eta "hauteskunde-koalizioa sortzeko" bileraren bat egitea espero du.

Cerveraren esanetan, itun horrek ez du zertan UPN-PSN Gobernua "baldintzatu", baina Nafarroako beharrei aurre egiteko Gobernu "desegokia" dela esan du, PSNren presentzia "baztertu" egin daitekeela uste baitu.

Maiorga Ramirez Bilduren Nafarroako bozeramaileak, bestalde, "izututa" ikusten ditu "Nafarroako eta Espainiako eskuindarrak, abertzaleen, aurrerakoien eta ezkertiarren batasunagatik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea