Politika -
Auzitegi Nazionala
Fiskaltzak Leitzako alkatea salatu du terrorismoa goratzea leporatuta
Terrorismoa goratzeagatik Bilduko alkate bat auzipetzea eskatzen duten lehenengo aldia da. Herriko jaietako egitarauan presoen aldeko ekitaldiak zeudelako auzipetu nahi dute.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Leitzako alkatea (Bildu) eta bi herritar auzipetzea eskatu du terrorismoa goratzea leporatuta, herriko jaietan presoen aldeko ekitaldiak antolatzeagatik.
Javier Zaragoza fiskal nagusiak aurkeztu du salaketa Foruzaingoak abuztuaren 10ean izandako gertakarien harira egin duen txostenean oinarrituta.
Salaketaren arabera, Udalak osatutako programaren barruan presoen aldeko ekitaldiak zeuden, "Euskal preso eta iheslariak etxera" lelopean egindako manifestazioa, besteak beste.
Gainera, txupinazoan euskal presoak euskal herriratzearen aldeko kartelak erakutsi omen zituzten Lourdes Juantorena auzipetzea nahi duten herritarrak eta beste batzuek. Era berean, kaputxadun batzuek presoen argazkiak ere erakutsi omen zituzten.
Aipatu iturrien arabera, "txupinazoa bota ondoren", Saioa Iraola Urkiola auzipetzea nahi duten beste herritarrak Jone Lozano presoaren "aldeko" adierazpen batzuk egin zituen.
Gainera, Udalak egindako jai-egitarauan presoen aldeko brindis bat iragartzen zen, eta programa hori zabaltzeagatik auzipetu nahi dute Oier Eizmendi Astibia Bilduko alkatea.
Fiskaltzarentzat aipatu ekintzekin terrorismoa goratu zuten eta, beraz, Leitzakoa da terrorismoa goratzea leporatuta auzipetu nahi duten Bilduko lehenengo alkatea.