Politika -
Elkarrizketa, Radio Euskadin
Josu Erkorekak 'errezeloak' ditu Konstituzioaren erreformaren inguruan
EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramailearen ustez, aurrekontu-oreka bilatzea "zentzuzkoa" eta "ona" da, baina maila konstituzionaleko araua izanik "mugatuegi" geratuko litzateke.
Erredakzioa
Josu Erkorekak diputatuak, EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak, Jose Luis Rodriguez Zapaterok proposatutako konstituzioaren erreformaren inguruan dituen errezeloak adierazi ditu asteazken honetan. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean esan duenez, aurrekontu-oreka lortzen saiatzea "zentzuzkoa" eta "gestio on baten ezaugarria" da, baina maila konstituzionaleko araua izanda administraritza publikoek arazo asko izango dituzte horretaz baliatzeko. "Zalantzak ditugu", aipatu du Erkorekak; bere esanetan, maila txikiagoko arau bat, lege bat, adibidez, hobeto moldatzen da, eta aukera handiagoa emango lieke administraritzei baliabide erabilgarri bat, defizitaren murriztapena, aprobetxatzeko.
Erkorekak aitortu du bere alderdiak Patxi Lopezek zuzentzen duen Eusko Jaurlaritza askotan kritikatu duela defizitaren igotzea dela eta, eta horrek eragindako zor publikoaren biderketarengatik. Halaber, Konstituzioaren erreforma gauzatzeko aukera handia dagoela nabarmendu du, PP eta PSOEren arteko adostasuna kontuan izanda, nahiz eta denbora labur egon une honetan. Ildo honi jarraituta, sare sozialetako zenbait erabiltzailek eskatu dute erreferendum bat, erreforma horren inguruan iritzia eman ahal izateko. EAJren bozeramailearen ustez, ez dirudi erreferendum hori deituko dutenik, PSCk bultzatzen ez badu, behintzat; azken alderdi honek 25 diputatu ditu Kongresuan, eta jendeak botoa eman ahal izateko gutxienez 35 diputatuk eskatu beharko lukete. Erkorekaren esanetan, positiboa izango litzateke erreferendum hori.
Josu Erkorekak, gainera, argi utzi du EAJk ez duela bultzatuko Martin Garitanoren aurkako zentsura-mozio bat Gipuzkoan, bertako ahaldun nagusiak Katalunian ostiralean esandakoa oinarritzat hartuta. EAJk Garitano Batzar Nagusietan agertzea eskatu du, baina Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak baieztatu du euren betebeharra oposizioan egotea eta foru-gobernuaren lana kontrolatzea izango dela: "Bilduk eta Garitanok -esan du Erkorekak- PP eta PSErekin batera ikusiko bagintu, zentsura-mozio batean, pozik egongo lirateke; horrela, Bilduk gobernatzeko ardura betetzari utzi ahal izango lioke, eta, halaber, biktimak izango balira bezala agertuko lirateke".
Bilduk, hain zuzen ere, EAJri (besteak beste) azaroaren 20ko haueskundeetara elkarrekin joateko proposamena luzatu zion, orain dela aste batzuk. Iñigo Urkulluk zuzentzen duen alderdiak oraindik azken erantzuna eman ez duen arren, Josu Erkorekak proposamen honen inguruan dituen zalantzak azpimarratu nahi izan ditu. Bere esanetan, ez da arazorik egongo, EAJren aldetik, erabakitzeko eskubidea defendatzeko, eta nahi duenarekin batera egingo dute hori; nolanahi ere, Erkorekak ez du uste erraza denik proiektu bakarra adostea gainerako gaiei dagokienez. "Akordioa nekeza izango litzateke" esan du. Amaitzeko, Josu Urkulluk EBBren presidentetzan egindako lana "bikaina" izan dela azpimarratu du, eta, ondorioz, karguan jarraitzea espero duela zehaztu du.