Politika -
Dokumentazioa
Konstituzioaren erreforma aurrera eramateko pausoak
Erreformak Konstituzioan pisu handiena duten artikuluei eragiten ez dienez, erreforma aurrera eramateko nahikoa da Kongresuko eta Senatuko 3/5ek babestea. PSOEk eta PPk aise betetzen dute kopuru hori
Erredakzioa
PSOEk eta PPk premiazko bidetik eta erreferendumik gabe onartu nahi dute Konstituzioaren erreforma, Gorteak irailaren 27an desegin aurretik prest egon dadin.
Zapaterok proposatutako aldaketak Konstituzioan pisu handiena duten artikuluei eragiten ez dienez, erreforma aurrera eramateko nahikoa da Kongresuko eta Senatuko hiru bostenek babestea. PSOEk eta PPk aise betetzen dute kopuru hori, Diputatuen Kongresuko 350 eserlekuetatik 321 baitituzte, eta Senatuan, berriz, 264 eserlekuetatik 226.
Kasu honetan, erreferendum bat deitzeko aukera zaila da. Izan ere, erreforma onartu eta 15 eguneko epean, Kongresuko eta Senatuko diputatuen % 10ek eskatu behar dute, baina oposizioan dauden alderdiek ez dute kopuru hori betetzen.
33 urtetan egin nahi duten bigarren erreforma
1992an, Espainiak Maastrichteko ituna sinatu zuen. Europar Batasuneko hiritarrek boto eskubidea dutela jasotzen du itunak eta bizi diren Estatuko herri hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea babesten du, nahiz eta herritartasunik ez izan.
Konstituzioak atzerritarren botoa emateko sufragio aktiboa (botoa emateko eskubidea) onartzen zuen, baina ez pasiboa (hautagai izatekoa). Auzitegi Konstituzionalak aldaketa eskatu zuen uztailaren 1ean eta hilaren 30erako guztien adostasunaz eta erreferendumik egin gabe onartu zuten.