Politika -
ETAko presoen aldeko kartelak
Foruzaingoak Leitzako txupinazoan gertatutakoa ikertuko du
Udaletxeko balkoian eta plazan ETAko presoak euskal herriratzea eskatzen zuten kartelak agertu ziren. "Biktimen oinazea" errespetatzeko eskatu dio Elma Saizek Bilduri.
Erredakzioa
Nafarroako Gobernuak Leitzako jaiei hasiera eman zien txupinazoan gertatutakoa ikertzeko agindu dio Foruzaingoari. Udaletxeko balkoian eta plazan ETAko presoak euskal herriratzea eskatzen zuten kartelak erakutsi ziren.
Elma Saiz Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria Bilduri zuzendu zaio: "Herritar bezala eskatzen diet biktimen oinazea errespeta dezatela, ETA gaitzestea eta indarkeria amaitzeko lan egin dezatela".
"Demokraziaren joko-arauak urratzea" onartuko ez dutela azpimarratu du. "Zuzenbide-estatua urratzea suposatzen duten jarrerarik ez dugu onartuko", erantsi du. Gauzak horrela, Estatuak eskura dituen bitartekoekin Leitzan jazotakoa ikertuko dutela eta "irmotasunez" lanean jarraituko dutela adierazi du, "inpunitateak tokirik izan ez dezan". "Herrialde honetan delitua jazarri egiten da, terrorismoa goratzea jazarri egiten da, delitua nork egin duen kontuan izan gabe", esan du.