Politika -
Hauteskunde orokorrak
Egibarrek baztertu egin du Bildu-Aralar-EAJ koaliziorako proposamena
Joseba Egibarrek esan du batzuentzat "erakargarria" izan daitekeela Bilduk EAJri eta Aralarri koalizioa egiteko egindako proposamena, "baina zintzoa eta errealista" ez dela azpimarratu du.
Erredakzioa
EAJ ez dago prest datozen hauteskunde orokorretara Bildurekin eta Aralarrekin koalizioan aurkezteko. Joseba Egibarren agiri baten bidez esan duenez, "bakoitzak bere bidea egin behar du, elkarbizitza baketsuaren, eraikuntza nazionalaren eta independentziaren autopistatik ateratzeko".
Gainera, Bilduk EAJri eta Aralarri koalizioa egiteko luzatu dien proposamena "ez da zintzoa, ezta errealista ere", esan du eta ezker abertzalea Sorturen legeztatzearen zain dagoela ekarri du gogora.
"Une honetan garrantzitsuena behin betiko bakea lortzeko oinarriak ezartzea da, elkarrizketaren bidez elkarrenganako errespetua eta konfidantza bereganatzea, Sorturen legeztatzea eskuratzea, ETAk armak uztea eta gatazka politikoaren konponbiderako proposamen demokratiko positiboak zehaztea", azaldu du.
Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak uste du Bilduren proposamena "erakargarria" izan daitekeela batzuentzat, "baina ez da errealista, batzuen eta besteen lehentasun eta helburuekin bat ez datorrelako".
Gauzak horrela, "azken 35 urte hauetan euskal abertzaletasunaren bi alde ordezkatzen dituzten EAJ eta ezker abertzalea orain hauteskundeetara koalizioan joateko" zer aldatu den galdetu du.