Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Senaturako Bildu-Aralar-EAJ koalizioa proposatu du Zabaletak

Kongresurako, berriz, Bildu-Aralar koalizioaren alde agertu da EAEn, eta Bildu-NaBai koalizioaren alde Nafarroan. Bestalde, Bildurekin joanda, ez du uste Aralar desager daitekeela.

Patxi Zabaleta Aralarreko idazkari nagusia. Argazkia: EITB
Patxi Zabaleta Aralarreko idazkari nagusia. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Zabaleta Aralarreko idazkari nagusiak iragarri duenez, azaroaren 20ko hauteskunde orokorretara abertzaleak koalizioan joateko apustua egingo du bere alderdiak.

Kongresurako bi koalizio proposatuko ditu: Bildu-Aralar EAEn eta Bildu-NaBai Nafarroan. Senaturako, berriz, koalizioa zabalagoa izan behar dela uste du eta EAJ nahiz erabakitzeko eskubidea babesten duten alderdiak egon beharko liratekeela iritzi dio, "Katalunian Entesarekin gertatzen den moduan".

Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, proposamen hau oraingoz behin-betikoa ez dela zehaztu du, izan ere, Aralarrek datorren irailaren 17an egingo du bere biltzar nagusia eta orduan hartuko dute erabakia. Nolanahi ere, arestian esandako proposamena berretsiko dutela ziur agertu da.

Zabaletak azaldu duenez, Kongresurako edo Senaturako hauteskundeak "ez dira gauza bera". "Kongresuan politika sozialak eta ekonomikoak eztabaidatzen dira, beraz, koalizioa ezkertiarra eta progresista izan behar da".

"Senatuaren kasua, ostera, erabakitzeko eskubidea hartu behar da oinarrian eta horrek gatazkaren amaierarekin zerikusia dauka; horrenbestez, eskaintza zabalagoa behar dugu, EAJ nahiz erabakitzeko eskubidea defendatzen duten indarrak ere izan behar dira koalizioan".

Aralarren etorkizuna

Bildurekin koalizioan joateak Aralarren desagertzea suposatuko ote lukeen galdetuta, Zabaletak esan du Aralar, Sortu nahiz gainerako alderdiak "beti egon behar gara prest aurrerako urratsak emateko".

Bere iritzian, "desagertzearena ez da gakoa, Aralarrek defendatzen dituen ideiak inoiz baino indar gehiago dutela da gakoa; guk 2003tik babesten ditugun ideiak egun zenbatek defendatzen dituzten ikustea besterik ez dago", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea