Politika -
Lehendakaria
'ETAren kontrako mozioa Madrilgo politika indartzeko darabil PPk'
Patxi Lopez lehendakariak adierazi duenez, biktimei balioa aitortzea Bilduren "pauso bat gehiago" da, baina ETA desagertzea exijitu behar dutela azpimarratu du.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariaren ustez "EAEko PPk ETAren kontrako mozioa Madrilgo planteamendu politikoari indarra emateko erabiltzen du" eta baita, beste behin, Bilduren desegitea eskatuz "PSOEren Gobernuari eraso egiteko" ere. Hala, lehendakariak azaldu du koalizioa hauteskundeetan eta, hortaz, erakundeetan egotea ahalbidetu dutenak auzitegiak izan direla.
Azken Euskobarometroak erakutsi zuen bezala, PPren hautetsiak Jaurlaritzatik aldendu izanaz ere mintzatu da Patxi Lopez Europa Pressek egindako elkarrizketa batean. Lehendakariaren ustez, "hauteskunde orokorrak hurbiltzen doazen neurrian, ziurrenik nabarmendu egingo da aldentzea, ezkerraren eta eskuinaren arteko norgehiagoka, hau da, PPren eta PSOEren artekoa, indartuko baita", baina azpimarratu du urruntze horrek ez duela "kezkatzen" sozialistek eta popularrek Euskadin duten hitzarmenari eusten badiote.
Lehendakariaren aburuz, EAEko herritarrek Jaurlaritzaren kudeaketan zuten konfiantzaren jaitsiera "egoera ekonomikoarekin" lotuta dago eta, bere "Exekutiboaren lanari esker", Euskal Autonomia Erkidegoa beste batzuekin alderatuta "askoz hobeto" dagoela azpimarratu du. "Egia da oraindik hobetu behar dugula eta hobeto egoteko gauzak egin behar ditugula, eta hori egingo dugu, ez gara geldituko", erantsi du.
Biktimen balioaren aitorpena
Bestalde, biktimen balioa aitortzea Bilduren "beste pauso bat" dela azpimarratu du, "erabat baztertuta baitzeuzkan", baina koalizioak ETA desagertzea eskatu behar duela azpimarratu du.
Tolosako Udalak (Bilduk eta Aralarrek osatzen dute Gobernua) Juan Mari Jauregui Gipuzkoako gobernadore zibil ohi eta zinegotzi sozialista ohiaren omenez jarritako oroitarriaren kontrako erasoa gaitzetsi izana eta konpontzeko lanak ordainduko dituela esan izana "beste pauso bat" dela adierazi du lehendakariak, baita Bildu ETAren biktimen omenaldietara joatea ere.