Politika -

Hauteskundeak aurreratuta

Biografia: Zapatero, distira galdu zuen presidente baikorra

Krisi ekonomikoak aurretik eraman du PSOEren barne hauteskundeak irabazi zituen eta, iragarpen guztien kontra, bere alderdia Moncloara eraman zuen diputatu ezezagunaren baikortasuna.

Jose Luis Rodriguez Zapatero. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1986tik aurrera, Leoneko diputatua izan zen Jose Luis Rodriguez Zapaterok aurrerapauso bat eman zuen 2000. urtean, "Bide Berria" korronte berritzailearen buru izanda. PSOE modernizatzea zuten helburu, 1997an Felipe Gonzalezek dimisioa aurkeztu zuenetik krisian murgilduta baitzegoen alderdiaren lidergoa.

Alderdiaren XXXV. Kongresuan, Zapaterok barne hauteskundeak irabazi zizkion Jose Bonori, bederatzi botoko aldearekin, eta alderdiaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Orduan, hainbat berrikuntza egiten hasi ziren oposizioan, "aldarte onean", elkarrizketarako prestasunean eta Jose Maria Aznarren Gobernuarekin sinatutako akordioetan, besteak beste, Terrorismoaren Kontrako Itunean, oinarrituta.

PSOEk 2004ko hauteskunde orokorretarako hautagai izendatu zuen 2002an, aho batez. Iritzi-bilketa guztien kontra, 11-Mko atentatuetatik hiru egun pasatu ostean, sozialistek hauteskundeak irabazi zituzten. Zapatero presidente izendatu zuten apirilaren 16an, eta Moncloara iritsi zenean konpromisoak bete eta Espainiako tropak Iraketik ateratzeko agindu zuen.

Dudarik gabe, lehen legealdiko lorpen garrantzitsua izan zen. Horrez gain, homosexualen arteko ezkontzen legea, dibortzioarena, berdintasunarena, eta memoria historikoarena eraman zituen aurrera. Zapateroren proiekturik zailena ETArekin negoziazioa egitea izan zen. Harekin izandako elkarrizketan, T-4 atentatua baino lehen, ETAren amaiera laster izango zela pentsatuz arriskatu egin zen, hark onartu zuen moduan.

Hori izan da Espainiako Gobernuko presidenteari aurpegiratu dioten akats nagusia. Haren lankideek pertsona serio, zuhur, ideia argiko eta, azken urteotan behintzat, zortea izan duen pertsonatzat hartu dute.

2008ko martxoaren 9an Zapaterok hauteskundeak irabazi zituen, bigarrenez, baina legealdia oso gogorra izan da ia hastepenetatik. Beren ideologiatik at dauden proiektu batzuetara gerturatzera behartuta ikusi ziren.

Zapaterok adierazi duenez, ez da berriz presidentetzarako hautagai izatera aurkeztuko, eta duela zazpi urte, Moncloara iritsi zenean, bi legealdi nahiko denbora zela pentsatzen zuela gaineratu du, bai alderdiarentzat, eta estatuarentzat, baita bere familiarentzat ere.

Orain, hauteskunde orokorrak 2011ko azaroaren 20ra aurreratuko dituela ziurtatu du; ez dira izango, beraz, datorren urteko martxoan, oraingo legealdia amaituko litzatekeen hilabetean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea