Politika -

Bilera Lehendakaritzan

Ondarearen gaineko zerga berreskuratzea proposatu du lehendakariak

Neurrien helburua zerga-sistema "bidezkoago eta orekatuago" bat lortzea izango litzateke, adierazi du Patxi Lopezek hiru ahaldun nagusiekin bildu ostean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ondarearen gaineko zerga berreskuratzea (300.000 euroko gutxieneko batekin), PFEZaren zerga-ordainketa % 23ra arte igotzea eta zerga-oinarria 24.000 euro baino gehiagokoa duten zergapekoei etxebizitzaren kenketa ezabatzea proposatu du Patxi Lopez lehendakariak. Azken neurri hori erosketa berrietan aplikatuko litzateke eta ez luke eraginik izango orain etxebizitza batengatik desgrabatzen ari direnen gainean.

Jose Luis Bilbao (EAJ), Martin Garitano (Bildu) eta Javier de Andres (PP) Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ahaldun nagusiekin izandako bileran proposatu ditu Lopezek neurriak. Goizean eta arratsaldeko lehen orduetan aldebiko bilerak mantendu ditu lehendakariak agintari bakoitzarekin. Neurrien helburua zerga-sistema "bidezkoago eta orekatuago" bat lortzea izango litzateke, adierazi du Lopezek.

21 orrialdeko dokumentu bat eman die ahaldun nagusiei lehendakariak, eta lau esparrutan proposamen konkretuak egin dizkie: lana, zerbitzu sozialak, zerga-sistema eta bikoiztasunak administrazioetan.

Iruzurraren aurkako borroka

Iruzurrari aurre egiteko "helburu argiak eta neurgarriak" dituen egitasmo bat martxan jarri nahi du lehendakariak. Urtero txosten bat Legebiltzarrera igorriko diote planaren arduradunek emaitzekin. Aldundietako Haziendak, Lan Ikuskaritza eta Lanbideko datu-baseak lotura informatikoa izan beharko dutela azaldu du agintariak.

Iruzur poltsak atzemateko alarma sistemak, zerbitzu publikoetako bezeroei kostuaren berri emateko fakturen igorpena, iruzurra eragozteko zerga-zigorren azterketa eta herritarren erantzukizuna eskatzeko kanpainak egitasmo horren barnean kokatu ditu Lopezek.

Era berean, ordaintzea saihesteko "zerga-ingeniaritza" erabiltzea zaildu nahi du lehendakariak. Horrela, etxebizitzen, ibilgailuen, hezkuntza zerbitzuen eta aseguru sarien salerosketei edo errenta irregularrei (bonoak, stock options) ematen zaien tratamendua aztertu nahi du buruzagiak.

Konpromiso bateratuak

Sozietateen gaineko Zergari egin beharreko erreformak txikiagoak dira, Lopezen hitzetan, "hazkunde ekonomikoa eta enpresen lehiakortasuna ezin dituztelako oztopatu". "Horregatik, Euskadiko enpresen egitura kontuan hartuta, enpresa txiki eta ertainei aplikatu beharreko sozietateen gaineko zerga % 23koa izatea proposatu dugu", erantsi du.

Lanpostuak sortzeko agente ekonomiko eta erakunde guztien lankidetza lortu nahi du lehendakariak. Horretarako Eusko Jaurlaritza ''Euskadiko Lan Estrategia'' osatzen ari da eta datozen egunetan aldundiei igorriko die. Behin betiko idazketan aldundiek parte hartu behar dutela uste du agintariak.

"2012an, Euskadin, guztiek batera lan egin behar dugu lan-politikan", azaltzen du lehendakariaren agiriak.

Proposamenen hirugarren ildo batek zerbitzu sozialak ditu hizpide. Etxebizitza prestazioak eta RGIk prozedura konplexua dute eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren Legearen erreforma baten bidez aldatzea defendatu du, "diru-laguntzak herriko aurrekontuen egoera berriari moldatzeko".

Azkenik, Eusko Legebiltzarrak administrazio publikoen bikoiztasunak atzemango dituen txosten bat irailean jasoko duela jakinarazi du Lopezek. Bizkaiko eta Arabako aldundiei laguntzeko eskatu die, "hauteskundeak behin igarota", azterketa amaitzeko (Gipuzkoak dagoeneko bere ekarpena egin zuen).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea