Politika -

Krisia Ezker Batuan

EBn zatiketa berri baten atarian daudela onartu du Kontxi Bilbaok

Bestalde, Araban EAJrekin egindako negoziazioen inguruko barne ikerketa bere gain hartuko duela iragarri du Mikel Arana alderdiko koordinatzaile nagusiak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontxi Bilbao EBko ordezkariak onartu egin du Ezker Batuan beste zatiketa bat egon daitekeela, Mikel Arana koordinatzaile nagusiaren aldekoen eta Javier Madrazo aurreko kargudunaren aldekoen jarrera "elkartezinak" baitituzte.

Tentsioak duela hilabete asko hasi ziren baina areagotu egin dira EBko kide batzuk, Arabako ahaldundian euren babesaren truke, EAJri lanpostuak eta dirua eskatu ziotela zabaldu denean.

Arabako zuzendaritzak asteazkenean hartutako erabakiei dagokienez, "erakunde bat bi zatitan banatuta dagoenean" gai bat "ahobatez" onartzea "ezinezkoa" dela azpimarratu du Bilbaok.

Barne ikerketa bere gain hartu du Aranak

Araban EAJrekin egindako ''B'' negoziazioen inguruko barne ikerketa bere gain hartuko duela iragarri du Mikel Arana alderdiko koordinatzaile nagusiak. Ikerketa horren ondorioak astelehenean bozkatuko dituzte, alderdiko Presidentetzaren bileran.

Aranak azaldutakoaren arabera, EAJrekin negoziatu zutenek bi eguneko epea izango dute gertatutakoaren bertsioa idatziz aurkezteko.

Hortik aurrera, Aranak txosten bat egingo du. Txosten hori hilaren 18ko bileran bozkatuko dute eta, Aranaren hitzetan, "horixe izango da EBk gertatutakoaren inguruan izango duen bertsioa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea