Politika -
Azken ordua
Arantza Zulueta atxilotu dute, aurkitutako zuloekin erlazioa duelakoan
Arantza Zulueta abokatua atxilotu dute gaur arratsaldean, atzo Baigorrin aurkitutako zuloekin erlazioa duelakoan.
Erredakzioa
Arantza Zulueta abokatua atxilotu dute gaur arratsaldean, atzo Baigorrin aurkitutako zuloekin erlazioa duelakoan.
Ikerketaren iturriek azaldu dutenez, atxiloketa Guardia Zibilak egin du, Hernanin, Fernando Grande Marlaska Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Atxiloketaren unean jatetxe batean egon da Zulueta.
Albiste agentziek azaldu dutenez, gaurko operazioa 2010eko apirilean Arantza Zuluetaren bulegoan aurkitutako dokumentazioarekin du erlazioa. ''Halboka'' Operazio horretan hainbat abokatu atxilotu zituzten, tartean Zulueta. Egun, baldintzapeko askatasunean zegoen.
Ikerktaren iturriek azaldu dutenez, 2010ean atzemandako dokumentazioan atzo Baigorrin aurkitu zituzten hiru zuloen planoak aurkitu dituzte. Zulo horietan hainbat lehergailu eta arma topatu zituen Frantziako Poliziak.
Zulueta Madrilera eramango dute gaur arratsaldean, eta bihar epailearen aurrean deklaratu beharko du.
Halaber, Zulueta astero Epaitegian aurkezteko eta Espainiatik ez irtetzeko agindua zuen; hori dela eta, epaileak pasaportea kendu zion.
"Iraultza-zerga" ETAren partez jasotzea leporatzen dio Grande–Marlascak.
Abokatuaren atxiloketa salatu du ezker abertzaleak, izan ere, "Euskal Herrian zabaldu den fase berriarekin ETAk bere konpromisoa berretsi duen egunean gertatu da".
Komunikatu batean, "Arantza Zulueta berehala aske uztea" eskatu du ezker abertzaleak, eta Guardia Zibilak "ETAk Euskal Herrian zabaldu den fase berriarekin bere konpromisoa berretsi duen egun berean" atxilotzea kritikatu du. "Gatazka politikoari behin betiko irtenbide bat emateko ekarpena egiteko borondatea azaldu du ETAk, baina Espainiako Estatuak errepresioarekin erantzun du berriro", erantsi du ezker abertzaleak.