Politika -
ETAren agiria
Euskal Herrian bake eta askatasun agertoki bat eraiki nahi du ETAk
Gara eta Berria egunkariei bidalitako agiri batean ETAk "irtenbidearen" alde lan egiteko deia egin die "agente guztiei". Bihar argitaratuko dute osorik agiria.
Erredakzioa
Euskal Herrian bake eta askatasun agertoki bat eraikitzeko prestutasuna berretsi du ETAk, Berria eta Gara egunkarietako webguneetara igorritako agiri batean. EAEko udal eta foru hauteskundeen ondorengo ETAren lehen agiria da.
Agirian zabaldu dutenez, "Euskal Herrian bake eta askatasun agertoki bat eraikitzeko aukera dagoelako uste osoa izanik, bide horretan sakontzeko prestutasuna berretsi nahi du ETAk. Zentzu horretan eragile orori egiten diogu deia, konponbidearen alde murgildu dadin eta guztion artean elkarrizketa eta negoziaziorako esparruak zabal ditzagun".
Halaber, "hilabeteotan, ezker abertzalearen iniziatibaz eta beste sektore batzuetan ere egin den hausnarketaren ondorioz, egoera erabat aldatu da. Egun, burujabetzaren aldeko indarrek bere protagonismoa eta eraginkortasun politikoa berreskuratu dute, herri sektore zabaletan aldaketarako ilusioa eta esperantza piztuz eta indar metarako aukera eskainiz", esan dute.
Aurrerapen horren arabera, "azken hileotako bilakaerak eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaian burutu diren hauteskundeen emaitzek bereziki, zabaltzen ari den aro berrian mugarri bat ezarri dute, Euskal Herrian etorkizunari ekiteko ilusio eta itxaropenerako tokia dagoela erakutsiz".
Bihar osorik argitaratuko dute agiria.