Politika -
Polemika Ezker Batuan
Madrazo eta Llamasi alderdia uzteko exijitu die Arabako EBk
Gainera, Kontxi Bilbao, David Lozano, Nerea Galvez eta Mertxe Etxezarreta alderdikidei karguak erakundearen "esku" jartzeko eskaruko diela iragarri du alderdiaren lurraldeko zuzendaritzak.
Erredakzioa
Ezker Batuko (EB) Arabako zuzendaritzako hainbat kide Javier Madrazo koordinatzaile ohiari eta Serafin Llamas Presidentetzako korrdinatzaile eta alderdiko bozeramaileari zuzendu zaizkie alderdia uzteko eskatuz. Horretarako arrazoia: Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusirako EAJko hautagaiak "egindako eta ondoren egiaztatutako salaketa gogorrak".
Era beran, Kontxi Bilbao, David Lozano, Nerea Galvez eta Mertxe Etxezarreta alderdikidei karguak erakundearen "esku" jartzeko eskatuko diela iragarri du alderdiaren lurraldeko zuzendaritzak. Horrez gain, Agirrek zabaldutako gertaeren berri zenbateraino zeukaten azaltzea eskatuko die datorren asteazkeneko zuzendaritza bileran.
Arabako zuzendaritzak zabaldutako dokumentuak zortzi puntu dauzka eta horietan alderdian EAJri eman beharreko babesaren inguruan "jarrera ezberdinak" daudela gogorarazi dute. Hala ere, ezberdintasun horiek "irizpide ideologikoei lotuta daudela" argitu dute, eta ondorioz ez dute EAJk salatutako "botoen salerosketarekin" zerikusirik.
Gainera, Madrazo eta Llamasek negoziazioetan parte hartzea ez zutela "inoiz" onartu nabarmendu eta Kontxi Bilbaok eta David Lozanok negoziazio horietan egindako lana kritikatu dute, "eskasa eta azken ordukoa" izan zelako.