Politika -

Polemika Ezker Batuan

Serafin Llamasek (EB) alderdiaren esku utzi du bere kargua

Bere hitzak "gaizki ulertu" zituztela adierazi du. Gertatutakoek izandako "oihartzunak" "ezustean" harrapatu duela onartu eta erantzukizun "osoa" bere gain hartu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Serafin Llamas EBko Presidentetzako koordinatzaile eta bozeramaileak bere kargua Kontseilu Politikoaren esku utzi du. Iragarpena idatzi baten bidez egin du; maiatzaren 22ko hauteskundeetan izandako emaitza txarren ondorioz, bere alderdian izandako "kaleratzeak" EAJrekin komentatu zituela onartu du, baina bere ustez, hitz horiek "gaizki ulertu ziren".

Llamasen azalpenen arabera, Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusirako hautagai jeltzaleari ez zion "inoiz" "botoen truke pertsona jakin batzuek egoera hobetzea eskatu".

Agirre jeltzaleak Llamasen izen aipatu zuen, beste batzuen artean, EBrekin izandako negoziaketetan gertatutakoa salatu zuenean, hau da, Arabako Aldundiko Gobernurako botoen truke, 40 kargu eta 600.000 euroko kreditu batentzako bermea eskatu zutela.

EBko bozeramailea "harrituta" dago "EAJrekin izandako negoziazioan gertatutakoek hartutako oihartzunagatik" eta erantzukizun "osoa" bere gain hartu du. Gainera, "barkamena" eskatu die "iritzi poublikoari eta EBren kide guztiei" alderdi politikoari eragindako "kalteagatik".

Idatzian, Llamasek onartu egin du alderdiaren barne-egoera EAJren ordezkaritza batekin komentatu zuela eta maiatzaren 22ko emaitza txarren ondorioz "izandako kaleratzeen berri" eman ziela.

"Sekulako akatsa izan zen"

Hala ere, bere hitzetan, hautagai jeltzaleari ez zion "inoiz" "Xabier Agirreren aldeko botoen truke pertsona jakin batzuek egoera hobetzea, Arabako Giobernuan sartzea edo mailegu batentzako bermea eskatu".

Azkenik izandako "nahastea" "erabat" deitoratu du, "akats oso larria" izan zela esanez, eta bere hitzak "gaizki ulertu zirela" zehaztu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea