Politika -
Batzorde Federala
Rubalcaba hautagai gisa: 'Badakit erabilgarria izan naitekeela'
Alfredo Perez Rubalcaba alderdi sozialistako hautagaiak bankuen onuren "zati bat" lana sortzera bideratzea proposatu du. Ekitaldian izan da Patxi Lopez lehendakaria beste sailburu batzuekin batera.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuaren presidentetzarako hautagai sozialistak esan du hautagai izatearen erronka onartu duela Espainiarentzat "erabilgarria" izan nahi duelako eta, horretarako, alderdikideei helburuetan "asmo handikoak" eta proposamenetan "errealistak" izateko eskatu die.
"Espainia une zail batean da, ez dago abantaiarako eta ardura ezarako tarterik, eta konpromiso handiak egitea eskatzen du. Zuen babesari esker aurrerapausoa ematea erabaki dut, badakidalako zuon babesarekin erabilgarria izan naitekeelako nire herrialdearentzat, zuek guztiokin konpromisoa hartzeko unea da", 1.200 pertsona baino gehiagoren aurrean -Madrilgo kongresu jauregian- hautagi ofiziala izendatu ondoren esan duenez.
Rubalcabak gogora ekarri du "askatasunaren eta demokraziaren" alde lan egiteko sartu zela politikan, "diktadura latz eta krudel bat zegoenean, nahiz eta orain batzuek ezetz esan". Horren gainean, Rubalcabak esan du "demokraziak jabeak" dituela, "alegia, herritarrak", eta horientzat izan nahi du erabilgarria.
"Nirea bezalako ibilbide batean huts egite eta asmatze asko izan dira, seguruenik, baina badago zerbait ezin didatena aurpegiratu: ez du inoiz etsi erronka baten aurrean, ez dut atzera egin arazoen aurrean eta horregatik nago hemen", gaineratu du.
Eta, erronka horretan, alderdikideei helburuetan "asmo handikoak" eta proposamenetan "errealistak" izateko eskatu die, eta bete ezin izango duena ez duela iragarriko esan du. "Printzipioak, aldaketa eta egitasmoa", horiek dira Rubalcabak iragarri dituen alderdiaren oinarria osatzen duten printzipioak. Nabarmendu du, halaber, etorkizuna "erdiesteko" lan egiten duen alderdia dela, baita "esfortzuaren" eta "laztasunaren" alderdia ere.
Proposamenak
Rubalcabak mahai gainean jarri ditu Gobernuko presidente izateko hautagai moduan izango duen programaren ardatzak izango direnak. Bankuak onuren "zati bat" lana sortzeko bideratzea eskatu du. Hau da, lana sortzeko "bide azkar" baten aldeko apustua egin du eta horretan bankuek onuren "zati bat" eman behar dutela azpimarratu du.
Klaserik altuenen ondarearen zergaren zati bat errekuperatzea ere proposatu du. Zerga hori Gobernuak 2008an kendu zuen eta hautagai berriak azaldu duenez hori krisiari aurre egiteko laguntza bat izango litzateke; azpimarratu duenez "berriro pentsatu" behar da eta agian orain arte martxan jarritako neurri batzuk "atzera" ere bota beharko direla esan du Rubalcabak. "Krisia pairatu dutenek apustu handiagoa egin beharko dute egoera horretatik ateratzeko" esan du.
M-15 mugimenduari "keinu" bat ere egin die hauragai berriak, "kalean edo kaletik kanpora esaten ari direna ere entzun behar dugu", esan duenean, adibidez. "Nirekin kontatzen duzue edo nik zuekin kontatzeari utziko diot", gaineratu du.
Ustelkeriaren gainean, hirigintza planak Estatuak kontrolatu behar dituela esan du, modu horretan errazagoa izango delako ustelkeria kasuak ekidin eta kontrolpean izatea.
Lehendakaria bertan
Alfredo Perez Rubalcabak hautagai moduan egin duen lehen ekitaldi ofizialean izan da Patxi Lopez lehendakaria, Jaurlaritzako beste sailburu batzuekin batera. Bere twiterre kontuan egin dituen adierazpenetan onartu duenez, Rubalcabaren hautagaitzarekin "garai berri bat" hasten da.
Komunikabideei azaldu dienez, Rubalcabaren hautagaitzarekin "Espainia osoko herritarrekin berriro konektatzea espero dugu, batez ere sektorerik aurrerakoienekin".
"Gaur pistan jarri dugu eta sozialisten proiektu berria begi-bistan dago; hautagai berri bat, eta proposamen berriak", azaldu du lehendakariak.