Politika -
Gipuzkoako Batzar Nagusiak
Monolitoaren kontrako erasoan akordiorik ez egotea damutu du Txarolak
Testuak ez du PSE eta PPren babesa lortu. Bertan erasoek "biktima guztiek merezi duten aintzatestea eta ordainaren bidean inolako lekurik eta justifikaziorik ez dutela" aipatzen da.
Erredakzioa
Juan Mari Jauregui Gipuzkoako Gobernadore Zibil ohiaren aurkako erasoa gaitzesteko deklarazioan akordiorik ez lortzea damutu du Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzarretako presidenteak.
Komunikatu batean, alderdi guztiei testu proposamen bat aurkeztu diela azpimarratu du Txarolak, eta negoziazioan aritu ondoren, PP eta PSEren babesik ez duela lortu gaineratu du.
Testu horretan, Batzar Nagusiak "hitzaren eta ahotsaren egoitza izanik", "indarkeriaren kontra eta bide baketsu eta demokratikoen aldeko konpromisoa" berretsi egiten dute. Ondorioz, Burnikurtzeta mendiko monolitoaren kontrako erasoa "gaitzestu" egiten dute. Monolitoa Juan Maria Jauregui batzarkide eta zinegotzi sozialistaren omenez jarri zuten. Haren senitartekoei ere "elkartasuna eta babesa" helarazten diete.
Era berean, "bakea, demokrazia eta normalizazio politikoaren alde" lan egiteko "apustua eta konpromisoa" azpimarratzen dute, "gure herrian agertoki berria sortzeko, indarkeria guztiak desagertuta eta pertsona guztien oinarrizko giza eskubideak errespetatuta, inolako salbuespenik gabe".
Gainera, Jaureguiren monolitoari egindako erasoen antzekoek "biktima guztiek merezi duten aintzatestea eta ordainaren bidean inolako lekurik eta justifikaziorik ez dutela" aipatzen da.
Negoziazioa eta akordioaren aldeko apustua
Testuaren inguruan ados jartzen ez diren arren, Txarolak talde guztiek egindako "ahaleginak" aintzat hartu du eta "ziklo politiko berriaren ezaugarririk nagusiena" negoziazioa eta akordioaren aldeko apustua izango dela adierazi du.
Bere esanetan, "hori ez da beti posiblea ezta erreza izango" baina emaitza onak lortzeko konfiantza duela jakinarazi du.